"Saltseroa eta musikazalea izanda, ezin ezetzik esan"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 4a, 09:30
Elektrotxorongoko kideak, atzean Marijaia dutela, Bilboko Aste Nagusian eskaini zuten saioan. (Utzitakoa)

Asteburu honetan hasita, datozen lau larunbatetan Azpeitian jokatuko den Euskal Herriko Elektrotxaranga Txapelketaren bigarren edizioan parte hartuko du Getariako Elektrotxorongo taldeak. 

Indarra hartzen ari diren musika taldeak dira elektrotxarangak. Herri zein auzo gehienetako festetako egitarauetan egin dute beren tokia, ia ezinbesteko bilakatzeraino. Bada, maiatzean, Euskal Herriko onena izendatzeko txapelketa egingo dute Azpeitian. Bigarren urtez jarraian antolatu du Azpeitiko Tabernarien Elkarteak, eta hilabeteko lau larunbatetan eskainiko dituzte emanaldiak. Guztira, zazpi taldek eman dute izena, eta, tartean, Urola Kostako hiru ordezkari izango dira: Azpeitiko bertako Skapaie, Getariako Elektrotxorongo eta Zumaiako Hamarru Elektrottaranga.

Hiru taldeentzat lehen aldia izango da, urtebete baino gutxiagoko ibilbidea baitute guztiek. Hori bai, Skapaiek aurki beteko du urtemuga, hilabete honetan bertan. Hamarruri falta zaio gehien, guztietan gazteena baita: martxoan egin zuen estreinaldia. Elektrotxorongok, bestalde, abuztuan beteko du urtea, Getariako Salbatore jaietan. Hain justu, herriko festak jomugan jarrita sortu zuten taldea, Aitor Aristi tronboi jotzaileak azaldu duenez: "Taldeko hiru kidek aspalditik zuten elektrotxaranga sortzeko asmoa, eta xede horrekin, lehen emanaldirako data jarri zuten. Horrez gain, hiru kide horietako bat tronpeta ikasten hasi zen propio".

Hamar lagunek osatzen dute taldea, eta getariarrak dira gehienak. Hala ere, inguruko herrietako bakarren batzuk ere badira tartean. Aristi bera, esaterako, zumaiarra da, nahiz eta orain Getarian bizi den, eta abeslaria, Ane Sarasua, zarauztarra. Hori horrela, hasierako hiru bultzatzaileek gainerakoak nola konbentzitu zituzten ere kontatu du Aristik: "Parranda giroan fitxatu gintuzten gehienok. Egia esan, saltseroa izanez gero eta musika mundua gustuko izanez gero, uste dut erraza dela baietz esatea halako proposamen bati".

Aristi ekainean batu zen taldera, eta ordurako Elektrotxorongo izena erabakita zutela dio: "Apustu egingo nuke goenagatarren ideia izan zela. Dena den, egokia iruditzen zait, elektrotxarangari azken hiru bokalak aldatuta, efektu positiboa lortu baitugu. Txorongo kaka mokordoa izan arren, hitzak jokoa eman eta oihartzun handia izan du".

Ekipoa garrantzitsuena

Iazko abuztuan lehenengo saioa eskaini zutenetik, asko garatu da taldea: "Lehenengo emanaldian musika ekipoarekin arazoak izan genituen, eta erabaki genuen inbertsioa egin behar genuela. Bozgorailu, mikrofono eta soinu mahai egokia izatea beharrezkoa da musika behar bezala entzun dadin. Horrez gain, argindar sorgailua ezinbestekoa da, eta karro ona izan behar duzu, material horrek guztiak asko pisatzen duelako. Orain arte, hasieran utzi ziguten orga batekin aritu gara, baina santelmoetan aldatu egin genuen. Berria sendoagoa da", azaldu du tronboi jotzaileak.

Musikariak ere nahitaezkoak dira, baina egin izan dituzte emanaldiak bateren bat falta izan bada ere. "Bi saxofoi jotzaile, bi tronboi jotzaile, bi perkusionista –bonboarekin bata eta kaxa eta platerekin bestea–, tronpeta jotzailea, baxu jotzailea, gitarrista eta abeslaria gara. Musika tresna batzuk bi pertsonak jotzen dituztenez, aritu izan gara horietako bakarrarekin. Horrez gain, beharrezkoa denean aldaketak egiten ditugu. Igandean Zarautzen izango dugun saioan, adibidez, Madrilen ikasten duen gitarristak ezingo du parte hartu, eta haren lekua baxu jotzaileak beteko du. Baxua, berriz, nik joko dut".

Elektrotxarangen arrakasta

Elektrotxorongok Zarautzen izango du hurrengo emanaldia, Plaieroetako finalaren egunean. Ondoren, hitzordu bikoitza izango du: Euskal Herriko Elektrotxaranga Txapelketa, Azpeitian, hilaren 13an, eta Herri Urrats, Senperen (Lapurdi), 14an. Azken horrek taldea Ipar Euskal Herrian ezagutzera emateko balio izatea espero du taldeak; izan ere, orain arteko saio gehienak Gipuzkoan eskaini dituzte.

Ekainetik aurrera, emanaldi ugari hitzartu dituzte dagoeneko. Izan ere, asko dira eurekin harremanetan jarri direnak. "Ezezko gehiago eman ditugu baiezkoak baino", adierazi dute. Horren harira, argi dute zein den elektrotxarangen arrakastaren zergatia: "Txaranga arruntekin alderatuta, esan liteke kalean eskainitako oholtza gaineko kontzertuak direla gureak. Alde batetik bestera mugitzen gara, eta jendeari ezagunak zaizkion abestiak jotzen ditugu".