Antonio Aretxabala: "Ezin dugu energia ateratzeko energia guztia gastatu"

Ane Olaizola 2023ko mai. 3a, 09:17
Antonio Aretxabala (Antonio Aretxabala)

101 Arrazoi egitasmoaren barruan, Antonio Aretxabalak (Vigo, Galizia, 1963) energia eta materia krisiaz hitz egingo du bihar, 19:00etan, Soreasu antzokian, Antonio Turiel zientzialariarekin batera.

Erregai fosilak agortzen ari direla esatea ez da gaurko kontua. Zenbat kontsumitu da, eta zenbat denbora geratzen da?

Erregai fosilak beti egongo dira, milaka milioi barril daudelako erreserba moduan. Kontua da horietara iristeko zer teknologia daukagun. Duela hamarkada batzuk, petrolio, gas eta ikatz barril batekin ehun barril ateratzen ziren, irisgarri zegoelako. Beste modu batera esanda, orain arte sagar politenak eta gozoenak hartzen aritu gara, eta ohartu gara itsusienak bakarrik geratzen zaizkigula. Berriztagarriak ez diren lehengaiekin, batez ere erregai fosilekin, gauza bera gertatu da. Oso kaltegarria da hori, gurea bezala termo-industrian oinarrituta dagoen gizarte batentzat. Egungo sistema gero eta garestiagoa da ekonomikoki, eta batez ere, energiari dagokionez. Izan ere, barril batekin ehun barril ateratzetik, barril batekin sei edo zazpi barril ateratzera igaro gara. Eraldaketa digital batzuek lagundu dute apur bat eraginkorragoa izaten, baina barril batekin barril bakarra aterako dugun unea noiz iritsiko den badakigu: 2040 aldean. Beraz, ezin dugu energia ateratzeko energia guztia gastatu. 

Egungo hamarkada oso kritikoa izaten ari da, etengabeko hazkundean oinarritutako zibilizazioa delako gurea, eta materia erretzearen bidez soilik lor daitekeelako hazkunde hori. Geroz eta etekin gutxiago ateratzen dugunez, azken urteetan itsasoa ustiatzen edota fracking-a egiten hasi gara, eta azken urteetan, dinamika batean sartu gara zeinetan gero eta gehiago erretzen dugun; finean, hidrosferara zabor gehiago garraiatzen dugu, energia gutxiago ateratzeko. 

Gizarteak noiz arte jarraituko du orain arte bezala bizitzen?

Gizartea ohartzen ari da arazo sorta bat dugula, baina energiari dagokiona, beharbada, ez da garrantzitsuena. Izan ere, gutxiagorekin bizi gaitezke, gizarte moduan ez garelako eraginkorrak. Globalizazioak ekarri digu, esaterako, Txilen ekoitzitako marrubiak abenduan jatea. Zentzu horretan, detaile batzuk zuzen ditzakegu, eta bide horretan etorri dira Europako Batasunaren hainbat txosten. Alde batetik, deszentralizaziorako eta desglobalizaziorako neurri batzuk iritsi zaizkigu, baina, aldi berean, agintariek hazkunde ekonomikoaz hitz egiten dute. Herritarrak horretaz ohartzen ari dira, lehendabizi, poltsikoan eragiten dietelako. Bigarrenik: zergatik deitzen digute Azpeititik-eta hitzaldi bat emateko? Herritarrek ikusten dutelako, erregai fosilak ordezkatuko ez dituen teknologiaren bidez, bizitzeko dituzten baliabideen aurka ari zaizkiela. Aurrenik, ekonomia eta pertsona harremanak aldatu beharko genituzke; gizartea antolatzeko modua, alegia. Gure gizartea erregai fosiletan oinarrituta dago, eta ezin dugu pentsatu modu berean funtziona dezakegunik horiek ordezkatzera datozela esaten duten energia berriztagarriekin. 

Diseinatutako trantsizio energetikoan, eredu fotovoltaikoan eta eolikoan jarri da arreta berezia, azpiegitura asko lautadetan eta mendietan ezartzeko. Zer lortuko da horiekin?

Hor ere kontraesana dago: diseinu horren eraginez, ekonomia elektrifikatuko dugu. Gezurra da energia horiek berriztagarriak direla, fosilen luzapena besterik ez direlako. Izan ere, ez dago energia eolikoaren bidez martxan jarri den azpiegitura eolikorik: errepideak egin behar dira, kamioien joan-etorria behar da, erroten hegalak labe garaian egiten dira... Berriztagarrietan ez dago ekonomia zirkularrik. Noski, azpiegitura horiek elektrizitatea lortuko dute, baina kuriosoa da elektrizitatearen eskaera jaisten ari dela 2008ko kolapso ekonomikoaz geroztik. Ekonomia elektrifikatzera goaz orain, baina horretarako sistemak ez ditu fosilak ordezkatuko. Izan ere, azken urteetan erregai fosilen kontsumoa handitzen joan da, berriztagarriak ere ezartzen aritu diren bitartean; berriztagarriak, beraz, mix eredura gehitzera etorri dira. Kontua da enpresa handien interesei laguntzeko bidea hartu dutela. 

Era berean, azpiegitura horiek, batez ere, Txinan ekoizten diren mineralen menpe daude; guk ez dugu ekoizten lehengairik, baina errota bakar batean elementu horien taula periodiko osoa sartzen da.

Ba al dago nahikoa lehengai aurreikusten den energia trantsizioa gauzatzeko?

Mundu mailan, bai. Industria prozesu guztiak Txinara eta Indiara eraman dituzte, baina hori gaur egun ez da bideragarria ekonomikoki. Gainera, datozen belaunaldiak zorpetuko ditugu, Next Generation Europako funtsen bidez. Izen polita du horrek, baina gure seme-alabek zein bilobek ordainduko dute egungo hazkunde ekonomikoa. 

Tokian tokira joanda­, berriz, trantsizioa aurrera eramateko sakrifizio zonaldeak ezarriko dituzte. Espainiako Estatuan, hustutako eremuak baliatuko dituzte berriztagarrien azpiegiturak jartzeko, batez ere hiri handiak horni ditzaten; Madril, kasurako. Han ez dago aerosorgailurik, eta kanpotik iristen zaio kontsumitzen duen energia guztia; neokolonialismoaren eredua da.

Euskal Herria sakrifizio eremua al da?

Estatuaren barruan sakrifizio eremuak daude, eta herrialde barruan, beste batzuk. Euskal Herriari dagokionez, Arabako lautada eta Nafarroa dira eremu horiek. Lurraldeka, berriz, hiriburuek inguruko eremuak sakrifikatzen dituzte. Sistema fraktala da hori: handiak ertaina hartzen du, eta ertainak txikia. Ildo horretan, agintariek elikadura burujabetzan jarri beharko lukete arreta, despentsak sakrifikatu nahi direlako. Euskadi oso egoera zaurgarrian dago: kontsumoaren %10a ekoizten du soilik. Nafarroak tasa altuagoa du. 

Desazkundea al da irtenbidea?

Desazkundea ez da irtenbidea, desazkundea igaro beharreko bidea da, jendeari gustatu edo ez. Zer arraio, dagoeneko desazkundean gaude: pixkanaka, ekonomia makaltzen edota atzera egiten eta gertukoagoa bihurtzen ari da. Zer erremedio! Horrek politikarien artean zein hizkera arruntean hain fama txarra duen desazkundea dakar, beti esan izan digutelako arazoei aurre egiteko hazi egin behar dugula. Arazoa, ordea, horixe izan da: haztea.

Mundu mailako paradigma aldaketa baten aurrean al dago gizartea?

Ez da munduaren amaiera, baina bai mundu baten amaiera. Historiaren garai zirraragarri bat ari gara bizitzen, paradigma edo norabide aldaketa baten aurrean gaudelako, ez soilik teknologikoa: psikologikoa, historikoa, espirituala, afektiboa... Era berean, zaila da azaltzen: arraina ez da uraren jakitun izaten, han jaio delako eta bizi osoa han daramalako. Baina, bat-batean, uretatik ateratzen dutenean eta hiltzear dagoenean, ohartzen da ura izeneko gauza bat dagoela.