Udal eta foru hauteskundeak 2023

Ikusgai daude udal eta foru bozetarako hautesmahaien zozketaren emaitzak

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 2a, 12:41

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko kontsulta daitezke behin betiko emaitzak, lotura honetan. Goizean zehar webguneko lotura ikusgai egon den arren, 12:40 aldera sartu dituzte datu guztiak. Orain arte botoa Emakumeen Txokoan eta Oktogonoan eman dutenek, aurten Izarraitz pilotalekuan eman beharko dute boza.

Azpeitiko Udalak gaur goizean egin du udal eta foru hauteslekuetako mahaiak osatzeko zozketa, eta dagoeneko ikusgai daude emaitzak. Goizean zehar webguneko lotura ikusgai egon den arren, 12:40 aldera sartu dituzte datu guztiak artxiboan. Beraz, dagoeneko kontsulta daitezke behin betiko emaitzak, lotura honetan. Erabiltzaileek NA zenbakia sartu beharko dute horretarako egokituko duten atalean, eta erantzuna baiezkoa den kasuetan, titularra edo ordezkoa den eta zein mahaitan egotea egokitu zaion zehaztuko du sistemak. Dena den, ohiko moduan, mahaikide izatea tokatu zaien herritarrek etxean jasoko dute karta zertifikatua, jakinarazpenarekin.

Aldaketak hauteskundeetako mahaietan

Udalak jakinarazi duenez, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetako hainbat sekzio eta mahai lekuz aldatuko dira. Maiatzaren 28an ez da mahairik izango Oktogonoan eta Emakume Txokoan. Orain artean bi leku horietan bozkatzea egokitu zaienek, Udal eta Foru hauteskundeetan Izarraitz pilotalekuan bozkatu beharko dute; Iñaki Azpiazu kalean egindako Esklabak-Iturzulo eremuko bizilagunek ere Izarraitz pilotalekuan izango dute botoa emateko aukera, beti ere, 2023ko urtarrilaren 30a baino lehen erroldatu badira bertan.