Eñaut Frantsesenak, Nekane Azpiazuk eta Mikel Ruiz de Argandoñak jokatuko dute Xapokeitan lehiaketaren finala

Erredakzioa 2023ko mai. 2a, 10:23

Maiatzaren 9an grabatuko da finala 19:00etan, Sanagustin kulturgunean, eta herritarrek bertatik bertara gozatu ahal izango dute saioaz. Finalera sailkatu den parte hartzaile bakoitzak bikotekidea aukeratu beharko du. Horrenbestez, hiru bikote ariko dira elkarren kontra finalean. Hainbat proba egin ostean, bikote bat kanporatua izango da, eta beste biek hainbat proba egin beharko dituzte irabazlea zein den erabakitzeko.

Amaitu da Xapokeitan jolasa. Azpeitiko Udalak eta Uztarriak elkarlanean sortutako lehiaketa hamalau egunez egon da martxan, eta parte hartzaile bakoitzak egunean hamar galdera erantzun behar izan ditu –bi egunetan izan ezik–.

Galdera-erantzunen lehiaketa amaituta, Eñaut Frantsesena izan da galdera gehien asmatu dituen partaidea. Bigarren sailkatua, berriz, Nekane Azpiazu izan da –beste parte hartzaile batekin berdinduta zegoen, eta zozketa bidez erabaki da finalista–. Horiez gain, parte hartzaile guztien artean zozketa eginda, finalean parte hartzeko txartela eskuratu du Mikel Ruiz de Argandoñak ere.

Finalera iritsi diren hiru partaideek bikotekidea aukeratu beharko dute. Hain zuzen ere, hiru bikote ariko dira elkarren kontra maiatzaren 9ko finalean. Finala Sanagustin kulturgunean grabatuko da 19:00etan hasita, eta herritarrek saioaz bertatik bertara gozatzeko aukera izango dute. Hainbat proba egin ostean, bikote bat kanporatua izango da, eta beste biek hainbat proba egin beharko dituzte irabazlea zein den erabakitzeko.

Finalista bakoitzak lagunentzat eta familiako kideentzat finalerako gonbidapenak izango dituzte. Gainera, Sanagustineko edukiera osatu arte, herritarrentzako zabalik izango da kulturgunea. Horrenbestez, finalaz gozatu nahi duten herritarrek hara joateko eta saioaz gozatzeko aukera izango dute.

Sari potoloak

Finalera iristen diren bikoteentzat sari potoloak izango dira. Bikote irabazleakBertan merkatari elkartearen ehun euroko bi bonu eta bertako produktuz osatutako bi otarre jasoko ditu, bikotekide bakoitzak bana. Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatzen diren bikoteek, berriz, Bertanen 50 euroko bonuak eta bertako produktuz osatutako otarreak jasoko dituzte; horiek ere bikotekide bakoitzarentzako bana izango dira. Horrez gain, jolasean parte hartu duten herritar guztien artean hamar sari zozkatuko ditu Uztarriak.