Azpeitiko hiru esku pilotari profesionalek herrian jokatuko dute ostiralean

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 1a, 17:12
Julen Egiguren, artxiboko irudian.

Julen Egigurenek Promozio mailako Buruz Burukoaren finalaurrekoetarako txartela izango du jokoan Izarraitz pilotalekuan. Binakako partidan, berriz, aurrez aurre ariko dira Alberdi anaiak.

Profesionalen esku pilota jaialdia hartuko du ostiralean, maiatzaren 5ean, Izarraitz pilotalekuak. Hiru partida izango dira 22:15ean hasiko den jaialdian, eta Azpeitiko hiru pilotari profesionalak ikusteko aukera izango da Izarraitzen.

Gaueko lehen partidan ariko da Julen Egiguren, eta lehia erabakiorra izango da hori aurrelari azpeitiarrarentzat. Zubizarretaren kontra jokatuko du Egigurenek, Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren final laurdenetako ligaxkaren azken jardunaldiaren barruan. Egiguren ala Zubizarreta, partida irabazten duena finalaurrekoak jokatzeko sailkatuko da, eta galtzen duena txapelketatik kanpo geldituko da. Ostiralean elkarren kontra lehiatuko diren bi pilotariek orain arte jokatu dituzten bi partidetatik bat irabazi eta bestea galdu egin dituzte. Finalaurrekoetarako txartela dagoeneko poltsikoan duen Bakaikoaren kontra galdu dute bai Zubizarretak, bai Egigurenek; 22-21 menderatu zuen nafarrak azpeitiarra joan den ostiralean Errioxako Baños de Rio Tobian. Aldiz, ostiralean Izarraitzen ariko diren biek gainditu dute dagoeneko kanporatuta dagoen Exposito. Hain zuzen ere, Bakaikoak eta Expositok, ezer jokoan ez dutela, jokatuko dute ostiralean Izarraitzeko jaialdia itxiko duen partida.

Promozio mailako txapelketaren bi neurketen tartean, berriz, binakako partida bat ikusteko aukera izango da Azpeitiko jaialdian. Alberdi anaiak aurreko koadroetan aurrez aurre ariko dira bertan: Jon Alberdik Iztuetarekin osatuko du bikotea, eta Unai Alberdik Eskuzarekin.

Sarrerak

Datorren ostiraleko jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude Interneten, 10 eurotan, entradasfronton.com atarian. Ostiralean bertan, berriz, Izarraitz pilotalekuko leihatilan ere salduko dituzte txartelak, 20:15etik aurrera.