Pedalkadaz pedalkada aurrera

Nerea Uranga 2023ko mai. 22a, 12:00
Lagun Onak txirrrindulari elkarteko txirrindulari gazteak. (Lagun Onak txirrindulari elkartea)

Hamarkadak daramatza Lagun Onak txirrindularitza elkarteak gazteak bizikleta gainean trebatzen; egun, kadeteekin eta jubenilekin ari da lanean. Sasoi berria "tentsioarekin" hasi dute, lasterketetako moto loturen auzia tarteko. Kostuak igo zaizkielako eta lasterketetako "segurtasuna" bermatu nahi dutelako, bi lasterketa besterik ez dituzte antolatuko aurten: sanjosetakoa eta saninazioetakoa. 2023ko apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Gorabehera eta zalantza askorekin hasi dute denboraldi berria Lagun Onak txirrindulari elkartekoek. Ez hori bakarrik, txirrindularitza sasoi berriari aurre egiteko, nahi ez bezalako erabakiak hartu beharra ere izan dute, hala nola Azpeitiko txirrindularitza klubaren egutegiko bi proba bertan behera utzi dituzte: emakumeen karrera eta Urrakiko Igoera mitikoa. "Tentsio handikoa izan da denboraldiaren hasiera", adierazi dute Gurutz Aldalur Lagun Onak txirrindulari elkartearen lehendakariak (Azpeitia, 1976) eta Jon Arruti (Azpeitia, 1987) lehendakariordeak.

Irailean hasi ohi dira sasoia prestatzen. Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziotik jasotako lasterketen egutegia aztertzen dute antolaketarekin hasteko; azkenengo aldian, ordea, egutegiarekin batera bilera baterako deia jaso zuten Lagun Onakekoek. "Txirrindularitza lasterketetako loturak egiten dituzten motozaleekin, aseguru kontuak tarteko, arazoak zeudela azaldu ziguten", esan du Aldalurrek.

Karrerak egingo zituzten ala ez zalantza izan arren, prestaketa lanekin hastea erabaki zuten: "Azpeitiko Udalean eskaera egin, Ertzaintzara joan eta Trafiko Sailean ibilbidearen berri eman, Gurutze Gorriari aurrekontua eskatu...". Orduan, baina, aurten lau proba beharrean bi antolatzea erabaki zuten: jubenilen mailako sanjosetakoa eta kadeteen saninazioetakoa. "Lasterketen ondoren, Ertzaintzak trafikoko txostena pasatzen digu, arazorik egon al den-eta zehaztuz. Txosten horiek aztertutakoan, Urrakin beti nahiko arazo izaten genituela ikusi genuen: irteeraren eta helmugaren artean distantzia handia dago, 60-70 pertsona behar izaten dira ibilbideko bidegurutzeak-eta zaintzeko, sustoren bat edo beste ere izan dugu; kasurik egin gabe traktore bat ibilbidera aterata... Horrez gainera, kostu guztiak ikaragarri igo zaizkigu: lasterketa bakoitzaren kostua %30-%40. Hori guztia aztertuta, aurten bi proba antolatzea erabaki dugu. Txirrindulari gazteekin egiten dugu lana, eta horiei zuzendutako probei heldu diegu", kontatu dute Lagun Onakekoek.

Gurutz Aldalur eta Jon Arruti Lagun Onak txirrindulari elkartearen lehendakaria eta lehendakariordea. (Nerea Uranga)

Iazko maiatzean jokatu zen Urrakiko Igoeraren 51. edizioa, eta penaz azaldu dute hura izan zela azkena. "Guk, behintzat, ez dugu antolatuko. Segurtasuna bermatzea garrantzitsua da, eta horretarako baldintzak izan behar dira. Erabakia hartu aurretik eztabaida izan genuen, eta nahiko buruhauste izan genituen".

Urrakiko Igoera bertan behera uztea baino pena handiagoa hartu dute emakumeen lasterketa ez antolatzearekin. "Ilusio handiarekin" hasi ziren nesken txirrindularitzako proba antolatzen, eta aurrera begira, erronka horri berriro heltzeko asmoa dute. "Eskolartean badabiltza txirrindulari neskak, eta ahal dugunean, emakumeen proba antolatzen segitu nahi dugu, guk ere emakumeen txirrindularitza bultzatu behar dugulako", adierazi dute.

Martxoaren 18an hasi zuten denboraldi berria, 40. San Jose Sariarekin. "Jokatuko zen ala ez, zalantzak izan ziren ia probaren bezperara arte. Justu, baina, motozaleak eta Gipuzkoako Foru Aldundia kontratuen eta aseguruen kontuan behin-behineko akordiora iritsi ziren, eta proba jokatu ahal izan genuen". Dena den, hasi berri duten sasoia fundamentuz bukatuko duten kezka daukate. "Probak bertan behera gelditzeak baino gehiago kezkatzen gaitu txirrindulari gazteek denboraldia galtzeak. Lehen izurritea tarteko, txirrindulari gazteek urtebete edota bi urte galdu zituzten, eta orain, berriro arrisku hori izatea tristea da, beren garapenean aurrera egiteko hutsune handia suposatzen dielako horrek", esan du Arrutik.

Iazko maiatzean, Emakumeen Euskal Herriko Txirrindulari Txapelketa. (Ihintza Elustondo)

Boluntarioen lana

Kadete eta jubenil mailako txirrindulariek lau urte egiten dituzte Lagun Onak txirrindulari elkartean, eta gero, afizionatuetara pasatzen dira. "Jubenil garaia bukatutakoan, txirrindularitzan jarraitu ala ez erabakitzerakoan, une garrantzitsua bizi izaten dute. Unibertsitatera edo Lanbide Heziketara joaten dira, eta txirrindularitzari eskaintzeko denborarik gelditzen al zaien erabaki behar izaten dute. Guk, gure aldetik, inongo baldintzarik jarri gabe lizentzia egiteko aukera ematen diegu. Hori bai, afizionatuen mailarako azpiegiturarik ez du elkarteak".

Txirrindulari gazteen prestaketak, entrenamenduak eta lasterketen antolaketak boluntarioen lanari esker egiten dituzte Lagun Onaken. "Bizikletazale asko daude Azpeitian, jende asko ibiltzen da. Probak antolatzeko, ordea, lehen txirrindulari ibilitakoek, elkarteko kideek eta txirrindularien gurasoek bakarrik laguntzen dute, haiei esker ateratzen dira horiek aurrera". Txirrindulari gazteen prestaketan, berriz, "zorteko" direla diote Aldalurrek eta Arrutik: "Entrenatzaile gazte fin askoak ditugu, eta haiek egiten duten lana txalotzekoa da; Mikel Berasategi, Mikel Alberdi, Jon Korta... ibiltzen dira gazteekin".

Iaz, 51. Urrakiko Igoeran, Alejandro Castro irabazlea helmugan. (Mailo Oiarzabal)

Kirol legearen ondorioz, elkarteko boluntarioen lana eta kluba bera nola geldituko den kezka dute Lagun Onak txirrindularitza elkartekoek: "Eusko Jaurlaritza Tourrerako mila boluntario beharko direla esaten ari da, eta bien bitartean, kirol elkarteak profesionalizatu behar direla dio kirol legeak: edozeinek ezingo dituela gazteak entrenatu, antolatzaile lanetan dabiltzanei kontratu antzeko bat egin beharko zaiela... Hori guztia dirua kostatuko da, eta nork ordainduko du? Bi urte barru-edo sartuko da lege hori indarrean, eta gurea bezalako klub txikiei astindua emango die, orain arte denok borondatez aritu garelako". Garbi dute, oztopoak oztopo, Lagun Onaken helburua gazteen artean txirrindularitza sustatzea dela eta bizikletan ibiltzen gozatzen irakastea. "Oxala, denak profesionaletara iritsiko balira! Gure helburua, ordea, ez da inoiz hori izan".