Jose Luis Ibarzabal: "Kultura indartzeko ekonomikoki ondo hornitutako plan estrategikoak falta dira"

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 1a, 12:30
Jose Luis Ibartzabal. (Maialen Etxaniz)

Psikologiako ikasketak amaituta, irakaskuntzan murgildu zen Jose Luis Ibarzabal. "Kasualitatez" iritsi zen Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailera, eta han egin ditu azken 26 urteak. Iaz hartu zuen erretiroa, eta azken hilabeteetan hainbat sari jaso ditu egindako lanaren aitortza gisa. Orain, "jubilatu militantea" dela dio. 2023ko apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Gertutik ezagutzen du arte eszenikoen arlo teknikoa Jose Luis Ibarzabalek (Azpeitia, 1959). 26 urtez jardun zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko teknikari karguan lanean, zehazki, antzerkiaren arloan. Iaz jubilatu zen, eta erretiroa hartu berritan iritsi zaizkio aitortzak. Martxoan, esaterako, antzerkia sustatzeko egindako lana aitortu zion COFAE arte eszenikoen azoken koordinakundeak. "Arduraz" egin du lan administrazioan, haren aburuz zerbitzu publiko duinak eskaintzeko langile publikoen lana ezinbestekoa delako. Kultur arloan egiteko asko dagoela dio.

Nola iritsi zinen psikologo izatetik Eusko Jaurlaritzako kultur teknikari izatera?

Kasualitatez. Betidanik atsegin izan ditut zientziak, baina unibertsitate ikasketak egiteko garaia iritsi zitzaidanean, politikaren eraginez edo, kutsu humanistagoetara jo nuen, eta zalantza izan nuen Zientzia Politikoak, Soziologia eta antzerakoak ikasi ala ez. Azkenean, Psikologia ikastea erabaki nuen. Ikasketak amaituta, nire asmoa psikologia klinikoan lan egitea zen. Hori dela eta, praktikak egin nituen Iruñeko psikiatrikoan. Hala ere, arlo horretan lana aurkitzea zaila izango zela pentsatuta, irakaskuntzako ateak jotzen hasi nintzen. Elgoibarko Ikastolatik deitu zidaten, eta han hasi nintzen lanean 1982. urtean. Behin-behinean hasi nintzen irakaskuntzan, baina behin-behinekoak askotan behin betikoak bihurtzen direnez, urte ugari egin nituen han. Sasoi hartan pil-pilean zegoen Ikastolen auzia –publikoak edo pribatuak izan behar zuten– tarteko, ordea, azkenean, Elgoibarko Ikastola uztera behartu ninduten. Ordurako 40 urte nituen, eta adin horretan langabe gelditzeak beldur eta ziurgabetasun handia eragiten du. Zortea izan nuen, eta euskaltegian nahiz lan aholkularitzan aritu nintzen lanean. Horretan nenbilela, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak [HAEE] lan oposaketak ireki zituen, eta aurkeztu egin nintzen. Hirugarren egin nuen, baina handik hilabete batzuetara kultura arloko lanpostuak betetzeko gure zerrendara jo zuen Eusko Jaurlaritzak, eta deitu egin zidaten. Hasieran izutu egin nintzen, baina ingurukoekin hitz egin ostean, baiezkoa eman nuen, eta orduan hasi zen dena.

Nola oroitzen dituzu hastapen haiek?

Irakaskuntza eta administrazioa lan zeharo desberdinak izango dira, ezta? Bai, oso desberdinak dira. Hala ere, irakaskuntzan aritzea bezain ederra izan da teknikari lanean bizitakoa. Administrazioak badu ezaugarri bat: ez dago ondo antolatuta. Lanpostura iritsi nintzenean ez zegoen lekukoa emango zidan pertsonarik. Hau da, ez zegoen inor niri azalpenak emateko, gauzen funtzionamendua azaltzeko. Laneko mahaia zegoen han, baina ez beste ezer. Zerotik eta neure kabuz hasi behar izan nuen lanean. Zerotik hasi beharrak, ordea, bere alde positiboa zuen; ikasteko prestutasunarekin eta gehiegi estutu gabe hasi nintzen egin beharrekoak egiten. Pixkanaka-pixkanaka joan zitzaizkidan ardurak gehitzen, eta horrela hartu nion neurria lanari. Orain, erretiratu naizenean ohartu naiz ez dudala urteetan ikasi dudan guztia ondorengoari irakasteko aukerarik izan; ia ezinezkoa izan da, administrazioak ez du-eta transmisioa ziurtatzeko sistema egokirik. Lanak "harrapatu" egin zintuela aipatu izan duzu.

Zergatik?

Administrazioa inertziaz funtzionatzen duen elefante handi bat bezalakoa da. Zerbitzu edo arlo batzuk gaindimentsionatuta daude, ziurrenik, garai batean, gaitasun eta baliabide gehiago bideratu zirelako zenbait programetara. Ondorioz, jendez hornitu ziren zenbait arlo eta zerbitzu. Transferentziak tarteko, ordea, hainbat arlotan eginbeharrak galdu egin dira, eta pertsonalak hor jarraitzen du, zeregin zehatzik gabe. Beste hainbat sektoretan edo zuzendaritzatan, gurean kasu, ez da horrelakorik gertatu. Hau da, programa eta zeregin berriak jorratzen ditu Kultura Sailak, baina ez da pertsonal gehiago kontratatu. Egoera horrek eragin zuzena du kulturaren sektoreko langileengan edo pertsonengan, haiek jasaten dituztelako zerbitzuen gabeziak. Egoera horrek, baina, baliabide zehatzekin lan egiteak, sektorearen ikuspegi zabalagoa izateko aukera eskaintzen dio teknikariari. Hau da, kulturaren arlo guztietan eragiteko aukera du: sorkuntzan, produkzioan, sustapenean... Ikuspegi orokorra izateak, denetarik egiteak, harrapatu egin ninduen. Horrek eguneroko lanetan ere bazuen eragina, askotariko lanak egin behar izaten nituelako. Nire kasuan, teknikari izatea ez zen soilik bulegoko lanetan aritzea; arte eszenikoen sektorearekin harremanetan egoteko aukera nuen, elkarlanean nahiz koordinazioan. Eginbehar horien arteko oreka oso polita izan da.

(Argazkia:Maialen Etxaniz)

Zein dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko teknikari baten zereginak? Zein ziren zure egitekoak eta betebeharrak arte eszenikoen arloan?

Kultura bi zutabetan dago banatuta administrazioan: ondarea eta sustapena. Nik sustapen arloan egin dut lan. Hori dela eta, sektorea laguntzeko baliabideak kudeatzea izan da nire arduretako bat. Alde batetik, arte eszenikoen sektorea sustatzeko dirulaguntzen kudeaketan aritu naiz, sormenean, produkzioan nahiz barne eta kapo hedapenean. Dirulaguntza horiek guztiak diseinatzen ditu kultur teknikariak, betiere agintariek igorritako irizpide politikoak kontuan izanda. Dirulaguntzen oinarriak zehaztu ez ezik, horien kudeaketa prozesu osoaz arduratzen da teknikaria, eta lanaren zati handi bat hartzen du horrek. Bestetik, kultur programen sustapenak daude; izan ere, kultura sustapena ez da soilik jendeak egindako proiektuak diruz laguntzea. Kultura Saileko zuzendaritza berak programa propioak ditu, merkatu berriak topatzeko eta irekitzeko. Hori dela eta, teknikarien ardura da beste hainbat txokotako azokekin akordioak sustatzea. Jorratu dudan beste arloetako bat Euskal Antzoki Sarearen koordinazioa izan da. Arlo garrantzitsua izan da hori. Udalak guztiz autonomoak dira haien teatroen programazioa antolatzeko, baina Eusko Jaurlaritzak baliabideak eskaintzen ditu elkarlana errazteko. Foru aldundiek, udalek eta Jaurlaritzak parte hartzen dute programa horretan.

Teknikari aritutako 26 urteotan zer izan da zailena edo buruko min gehien eragin dizuna?

Arazoak sortzen dituen zerbait da rolen banaketa. Jakinekoa da, normala den bezala, administrazioa hauteskundeen menpe dagoela. Administrazioa gobernu baten tresna da, eta arduradun politikoak irizpide politikoak emateko legitimatuta daude. Teknikooi, ordea, arrazoi teknikoak erabiliz, bide baten edo bestearen egokitasuna defendatzea dagokigu. Hori arazo bat izaten da zenbaitetan; izan ere, politikoek batzuetan tentazioa izaten dute arlo teknikoan sartzeko. Era berean, teknikoek izaten dute legitimitate uste oker bat. Kontua da teknikoek urte asko daramatzatela haien postuetan lanean, eta une batetik aurrera, botere sentipen bat garatzen joaten direla. 26 urtetan ez dut ezagutu legealdi batetik bestera karguan jarraitu duen kultur zuzendaririk. Politikoa lau urtean behin aldatzeak egonkortasun eza sortzen du, eta estabilitate faltak arazoak sortu izan ditu. Hala ere, zailtasunak topatu baino une deserosoak bizi izan ditut lanpostuan. Administrazioaren politikek sektorean duten eragina handia da. Kultura arloak orokorrean, eta arte eszenikoenak zehazki, laguntzak behar ditu biziraupenerako. Laguntzak jasota ere, sortzaileek bizi duten prekarietatea handia da. Beraz, administrazioaren politikaren ondorioz kudeatzen diren laguntzek zuzen-zuzenean eragiten diete sortzaileei. Sarritan beraien kultur eta enpresa proiektuak kolokan jartzen dira. Teknikari bezala jakitun zara ez zarela horren arduradun; nik ez nuen balorazioetan ekarpenik egiten, baina nire ardura zen hartzen zituzten erabakiak komunikatzea. Erraza da laguntza jaso duenari deitzea, baina ez da hain erraza jaso ez duenarekin hitz egitea. Alde hori oso gogorra zen, denborarekin sektoreko kideen arteko harreman profesionalak harreman pertsonal ere bihurtzen baitira zenbaitetan.

Zertan aldatu da arte eszenikoen ekoizpena eta kontsumoa? Asko aldatu al da antzerkiaren mundua?

Bai, asko aldatu da. Kultur arloa, eta zer esanik ez arte eszenikoena, beti bizi da krisi iraunkorrean; teatroa eta prekarietatea eskutik doaz. Badirudi erakundeak ari direla pixkanaka hainbat neurri hartzen, hor dago Artistaren Estatutua, baina kultur sektorea indartzeko plan estrategikoak falta dira. Gauza batzuk onerako aldatu dira, eta beste batzuk, beharbada, ez hain onerako. Egitura profesionalak orain profesionalagoak dira, baina era berean, azken urteetan nabaria da publikoa murriztu egin dela pandemiaren, digitalizazioren edota etxeko kontsumoa areagotzearen eraginez. Horrenbestez, erronkak handiak dira. Orokorrean, kultura sustapenaren zuzendaritzaren arloa gainditzen duen plangintza estrategiko baten beharra dago, eta are gehiago gurea bezalako kultura minorizatuan, nazio txiki batean... Egin izan dira plan estrategikoak garatzeko saiakerak, baina ez dute behar besteko jarraipena izan. Lehentasun kontua da. Arte eszenikoen azoken sustatzaile izan zara. Zergatik dira garrantzitsuak horrelako egitasmoak? Azoken sustatzaile deitzea gehiegi iruditzen zait, baina tira. Gure helburuetako bat izan da gure konpainiei laguntzea kanpoko merkatuak topatzen eta irekitzen, eta horretarako feriak daude. Espainiako Estatuan hogei bat feria egiten dira, eta horien helburua da publiko profesionalari, programatzaileei, merkatuan zer dagoen erakustea. Komunitate guztietan daude azokak; gurean, esaterako bi daude: DFeria eta Leioako Umore Azoka. Eusko Jaurlaritza hainbat azokekin akordioak lortzen saiatu da, euskal eskaintzaren presentzia iraunkorra egon zedin urtero.

(Argazkia: Maialen Etxaniz)

Elgoibarren bizi zaren arren, azpeitiarra zara. Azpeitiak urtero hartzen ditu Euskal Antzerki Topaketak. Gertutik jarraitu izan al dituzu?

Tokatu izan zait Azpeitiko topaketen proiektua sustatzea, laguntzea edo horien koordinazio lana egitea. Azpeitiko Antzerki Topaketek badute bereizgarri bat Euskal Herriko beste antzerki jaialdiekin alderatuta: profesional arloan euskara hutsean egiten diren topaketa bakarrenetakoak dira Azpeitikoak, eta horrek potentzial handia ematen die arte eszenikoen ekosistemaren barruan. Hori dela eta, duela urte batzuk egin genuen saiakera bat Antzerki Topaketei azoka kutsua emateko. Hau da, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, topaketak programatzaileen topagune izateko ahalegina egin genuen, modu horretan euskal produkzioaren ezagutza areagotzeko helburuz. Era berean, euskal antzerkiaren inguruan hausnartzeko espazio bezala ere irudikatu genituen horiek. Bi saiakera egin genituen, aurrenekoa Kulturaz kooperatiba sortu aurretik, eta bigarrengoa Kulturaz sortu ostean. Oraingoz, ez da lortu proposamena egonkortzerik, eta horrek pena pixka bat ematen dit, egia esan. Azpeitiak baditu bere mugak; izan ere, euskal antzerkiak zentralitatea duen bezala, zentralitate geografikoa falta zaio herriari. Hala ere, uste dut Azpeitiak badituela aukerak arte eszenikoen munduan erreferente izateko. Kulturaz kooperatibaren sorrerak astindua eman dio kultur arloari; erreferentea da kudeaketan.

Erretiroa hartu eta berehala iritsi zaizkizu sariak eta aitortzak. Esaterako, martxoan jaso zenuen Arte Eszenikoen Azoken Koordinakundeak emandako COFAE saria. Nola jaso dituzu errekonozimenduak?

Jubilatzeko asmoa erakutsi nuenetik jasotako sariak bat baino gehiago izan dira. Aitortza xume ugari egin dizkidate, eta horiez gain, hor daude Leioako Umore Azokaren eta COFAEren saria. Oso eskertuta nago. Lanean ari nintzela, banuen sektorearekin nuen harremana ona zen sentipena, baina orain jasotako aitortza oso polita izan da; baloratuta sentitu naiz. COFAEren saria erabat ezustekoa izan da, Espainia mailako izen handiko saria delako. Gainera, oihartzun handia izan du. Elgoibarren, adibidez, COFAE saria jaso aurretik inork gutxik zekien zer egiten nuen edo zertan nenbilen; askorentzat oraindik maisua naiz.

"Funtzionarioaren figura" aldarrikatu izan duzu. Zerbitzu publiko duinak izatearen garrantzia ere azpimarratu zenuen Leioako Umore Azokaren sari banaketa ekitaldian...

Defendatzen dudan gizarte eredua zerbitzu publiko sendoetan oinarritzen da. Hori da berdintasunaren zutabea, nolabait. Hala ere, zerbitzu publikoei lotuta badaude uste edo iritzi oker ugari, eta horietako bat da langile publikoen figuraz dagoen kontzepzioa. Garbi daukadana da zerbitzu publikoen oinarrian langile publikoak daudela, langile publikorik gabe ez dagoelako zerbitzu publikorik. Lanean aritu naizen urteetan ohartu naiz eraginkorra izateko zutabe garrantzitsua dela profesionaltasuna, eta beti aipatzen da bokazioa. Baina kontratua zerbitzu publiko batekin daukazunean, militantziaren kontzeptua gehigarri garrantzitsua dela esango nuke. Horrekin ez dut esan nahi lana militantzian oinarritu behar denik, baina bai lan horretan beharrezkoa dela zerbitzu publikoen helburuak norberarenak direla sentitzea. Niretzako garrantzitsua izan da bizitzako esparru pertsonaletan dudan militantziarako joera lanera ere eramatea. Borroka ideologikoaren ondorioz, badaude gure gizarte ereduari kalte egiten dioten printzipio batzuk: "Politiko guztiak berdinak dira, funtzionarioak alferrak dira...". Horiek denak beste gizarte eredu baten alde ezarri dizkiguten printzipio okerrak dira, eta azpimarragarria iruditzen zait hori.

(Argazkia: Maialen Etxaniz)

Kulturaren militante izan zarela esan al daiteke?

Kultura teknikaria izan naiz, eta nire lana horren ondorioa izan da. Beti esaten dut zerbitzu publikoaren filosofiarekin bat egitea gehigarri bat dela lanaren funtzioak, balioak eta helburuak azpimarratzeko eta horiekin koherente izateko. Ezin naiz militanteekin alderatu, jende asko ari baita kulturaren sektorean benetako militantziaz eta boluntarioki lanean. Nik lanpostua izan dut, profesional gisa egin dut lan, baina zerbitzu publikoen helburuen eta beharren konfesio hori denok izango bagenu, guztiontzat mesedegarri izango litzateke.

Orain, jubilatu berritan, zertan zabiltza? Ez zara eskuak gurutzatuta egotekoa izango...

Ez daukat denbora libre askorik. Azkenean, ez dakit nola baina eguna beteta izaten duzu, etxeko kontuak, bizitza osasuntsoagoari denbora bat dedikatuz, zaletasunak landuz… 
Hala ere, denbora gehien nire militantzia politikoari eskaintzen diot orain. Lehenago ere aritu nintzen zinegotzi eta bozeramaile lanetan Elgoibarko EH Bildurekin. Orain, jubilatuta, ez nago udaletxean, baina bestelako lanetan jarraitzen dut.