Laponiako ikasleak Azpeitian dira, Erasmus + programaren barruan Urola Ikastolakoekin trukean eta lanean

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 24a, 14:58

Azpeitiko eta Zestoako ikasleek martxoan egin zuten egonaldia Finlandiako Tornio hirian, eta hango ikasleak eta irakasleak etorri dira orain Euskal Herrira. Ostegunean harrera egin zien Azpeitiko Udalak. Aste honetan, besteak beste, Dinamoan ibiliko dira finlandiarrak Urolakoekin batera, elkarrekin gauzatzen ari diren proiektuan lanean.

Martxoan Urola Ikastola BHIkoek Finlandiara egin zuten bisita itzuliz, Tornioko (Laponia, Finlandia) ikasle talde bat Azpeitian dabil egunotan. Europako Batzordeak sustatzen duen Erasmus + hezkuntzako elkarlan eta truke programaren barruan, zinemaren bidez gizarteko hainbat arazoz hausnartzea helburu duen Europe on the screen: eKIN. Cinema as a Driving Force for Social Change izeneko proiektua ari dira garatzen Tornioko eta Urola Ikastolako Batxiler 1eko eta DBH4 mailetako hainbat ikasle. Urolakoek Laponian egin zuten egonaldian bezala, finlandiarrak hona etorri dira proiektu horren aurrez aurreko saioak egitera; Urola Ikastolako Azpeitiko eta Zestoako ikasleen etxeetan hartu dute ostatu.

Joan den ostegunean, Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburuak Azpeitiko Udalaren izenean harrera egin zieten Erasmus + programan parte hartzen ari diren ikasleei eta irakasleei. Gaur goizean, berriz, Dinamoa sormen gunean ibili dira bateko eta besteko ikasleak eta irakasleak, elkarrekin egiten ari diren proiekturako lanean. Kulturaz kooperatiba ere parte hartzen ari da gizarte gaiak zinemaren bidez lantzeko proiektuan, eta datozen egunetan ere Dinamoan ibiliko dira lanean ikasleak.

(Argazkiak: Kulturaz eta Azpeitiko Udala)