Azpeitiarren arteko lekuko aldaketa, Deustuko Unibertsitatearen errektoretzan

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 20a, 16:01
Juan Jose Etxeberria. (Deustuko Unibertsitatea)

Juan Jose Etxeberria izendatu dute jesuiten unibertsitateko buru berri, 2013tik ardura hori izan duen Jose Maria Guibert ordezkatzeko.

Juan Jose Etxeberria (Abaltzisketa, Gipuzkoa, 1966) izango da Deustuko Unibertsitatearen errektore berria. Gaur jakinarazi du unibertsitateak berak Etxeberriaren izendapena, "Unibertsitateko Kantziler eta Jesusen Lagundiko Buru Nagusi A. Arturo Sosa S.J.-k, Kultura eta Hezkuntzarako dikasterioaren oniritziarekin eta Gobernu Kontseiluaren proposamenez" hartutako erabakia.

Abaltzisketan jaioa, 3 urte zituenetik Azpeitian bizitakoa da Etxeberria. Betharram eta Iraurgi ikastetxeetan ikasia, oso gaztetatik izan zuen harremana jesuitekin, eta Loiolan bizi zen dagoeneko Iraurgin ikasten ari zen bitartean. 1984an sartu zen Jesusen Lagundian eta 1995ean apaiztu zen; Azpeitiko parrokian eman zuen meza berria. Deustuko Unibertsitatean, Pariseko Institutu Katolikoan eta Erromako Gregoriar Unibertsitatean osatu zituen ikasketak; Zuzenbide Kanonikoan doktoratu zen azken unibertsitate horretan. Loiolako Probintziako jesuiten probintziala izan zen 2008tik 2014ra; kargu hori hartu zuenean elkarrizketatu zuen Uztarriak, 2009ko martxoko aldizkarirako.

Loiolako probintzial izan aurretik, Zuzenbide Fakultateko dekanorde eta Izaera eta Misioko errektoreorde izan zen Deustun. Unibertsitatera itzuli zen 2015ean eta hainbat kargu bete ditu han azken zortzi urteetan; Zuzenbide Fakultateko irakasle titularra eta Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreordea da gaur egun.

Beste azpeitiar baten lekukoa hartuko du Etxeberriak Deustuko zuzendaritzan, Jose Maria Guibertena. 2013an izendatu zuten Guibert Deustuko errektore; kargua hirutan berritu eta errektoretzan hamar urte beteta, AEBtako Boston Collegeko Gasson Chair postua beteko du 2023-2024 ikasturtean jesuita azpeitiarrak, Deustuko Unibertsitateak jakinarazi duenez