Piaspe proiektu eolikoa

Sañu Bizirikek Piaspe proiektu eolikoaren inguruan aurkeztutako mozioen aurrean EH Bilduk eta EAJk erakutsitako jarrera kritikatu du

Aitziber Arzallus 2023ko api. 20a, 08:50
Sañoako mugarria.

Mendietan zentral eolikoak jartzearen kontrako taldeak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalbatzarretan aztertutako mozioen inguruko balorazioa plazaratu du eta, besteak beste, arduragabekeriatzat jo du udal taldeek Piaspe proiektu eolikoaren inguruan informazio gehiago eskuratzeko ahaleginik egin ez izana.

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalbatzarretan Sañu Bizirikek aurkeztutako mozioak eztabaidatu dituzte azken asteetan, eta horren harira, balorazioa plazaratu du taldeak.

Batetik, Sañu Bizirikek arduragabekeriatzat jo du udal taldeek Piaspe proiektu eolikoaren inguruan informazio gehiago eskuratzeko ahaleginik egin ez izana, eta hiru herrietako udal talde guztiak sartu ditu zaku horretan. Egoera kezkaz bizi duela adierazi du tadeak. Izan ere, haren ustetan "informazio ezak erraztasunak ematen dizkie gure lurrak beren mozkinerako ustiatzera datoztenei, oztopo gabeko zentral eolikoen inplantazio azkarrerako".

Alderdiei dagokionez, Sañu Bizirikek "antzerako jarrera" sumatu du euren erreakzioetan. "Gure mozioari aurre egiteko beste mozio bat kaleratu dute guztiek udal guztietan, Errezilgintzako plataformakoak izan ezik". EH Bilduren jarrera kritikatu du aurrena. "Estandarizatutako mozioak aurkeztu ditu Azpeitia eta Errezilen kasuan, tokiko erreferentziarik gabekoak: ez geografia konkretuari lotuta, ezta auzo edota baserriei lotutakoak ere. Badirudi zentralak jartzeko proposamenak ez duela Sañoa, Arroita, Txillarramendi, Etumeta edota Akoa bailaran kalterik eragingo. Hortik ondoriozta dezakegu bizilagunengana gerturatzeko prestutasun eza edota azterlan independienterik eskatzeko pausorik ez eman izana".

Udalek euren lurretan egingo denaren eskumena dutela nabarmendu du Sañu Bizirikek, eta ikuspegi horretatik, zehaztu du Zestoan EH Bilduk aurkeztutako mozioan topatu duela "ñabardura" bakarretakoa. "Hango mozioan Akoa bailarako eta horren ondare naturalari eragingo lizkiokeen kalteak aipatu eta horrekiko kezka adierazten da. Azpeitiko plenoan, berriz, konkretuki Oletako zentral eolikoari aipamena egin zitzaion Udal Gobernutik. Ulergaitza eta kontraesankorra egiten zaigu, nola daitekeen, Buruzaiko proiektuaren aurka azaldu eta Sañoakoa aztertzen aritzea; bietan informazioa falta argudiatu arren. Oletako proiektuaren kontrakotasuna argi adierazi zuten, Sañoakoa bultzatzen dabiltzan bitartean. Horretarako beharrezkoa den guztia egiteko prest azaldu zirenez, pauso konkretu horiek zein diren azaltzeko eta berehala, berandu izan aurretik, hartzen hasteko exijitu dio luzatzen diogu Azpeitiko Udalari".

EH Bilduren jarrera kritikatu ostean, EAJrenarekin gauza bera egin du Sañu Bizirikek. "Ez dugu aipatu gabe utzi nahi EAJren jarrera pleno horietan guztietan. Zentralaren proiektuari babesa adierazteaz gain, ezer gutxi egiten ari dira herrietan. Ez dugu ikusten inongo postura aktiborik hartzeko asmorik dutenik ere".

Bukatzeko, Sañu Bizirikek adierazi du elkarrizketarako eta elkarlanerako ateak irekita jarraitzen duela. "Udalei dei egiten diegu mesede baina kalte gehiago egingo duten makroproiektuak bertan behera uztera. Eskualdean datorkigun krisi ekosozialari aurre egiteko, beharrezko egiturazko neurriak pentsatu eta martxan jartzeko, herritarren formakuntza eta kontzientziazioa bultzatzeko ondoan izango gaituzte".