Nerabezaroa eta horri lotutako gaiak izango dituzte hizpide aurtengo Guraso Eskoletan

Maialen Etxaniz 2023ko api. 19a, 12:00

Guztira, bost saio eskainiko dituzte Guraso Eskolen barruan. Aurreneko bi saioetan, nerabezaroaz eta nerabetasunaz hitz egingo dute Harremank eta Orekaguneko kideek, hirugarrengoan sare sozialez, horien arriskuez eta aukerez hitz egingo dute Hazkundeko adituek, eta laugarrengoan drogak eta substantzien kontsumoa izango dute hizpide Ortzadarreko profesionalek. Bosgarren eta azken hitzordua nerabeen gurasoekin solasean aritzeko saioa izango da, eta Gazteria Saileko hezitzaileek dinamizatuko dute. Hitzaldiak doakoak eta irekiak izango dira.  

Nerabezaroa izango dute aztergai Azpeitiko Udalak aurtengorako antolatutako Guraso Eskoletan. Azken hilabeteetan herriko nerabeen gurasoen zalantzak eta kezkak jasota eta horiek kontuan izanda, lau hitzaldi antolatu dituzte hainbat gai jorratzeko. Bosgarren saio bat ere izango da, nerabeen gurasoekin hitz egiteko.  Bestek beste, seme-alabekin izan beharreko komunikazioa, sare sozialen aukerak eta arriskuak eta drogen eta substantzien kontsumoa izango dituzte hizpide hitzaldietan.

Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak azaldu duenez, badira urteak gurasoei zuzendutako hitzaldiak antolatzen direnetik. Aurten, ordea, nerabezaroa jarri dute erdigunean, eta hori da "berezitasuna": "Nerabezaroa garai ederra bezain korapilatsua da nerabeentzat, gurasoentzat zein etxekoentzat. Aldaketa askoko fase bat da. Hori dela eta, otsailean gurasoekin egindako saioetan jasotako kezkak eta proposamenak kontuan hartuta antolatu ditugu aurtengo Guraso Eskolak". Azpeitiko ikastetxeetan hainbat formakuntza eskaintzen dituzten profesionalek eskainiko dituzte saioak. 

Solasaldien inguruko xehetasunak

Guztira, bost saio eskainiko dituzte Guraso Eskolen barruan. Aurreneko bi saioetan, apirilaren 25ean eta maiatzaren 2an, nerabezaroaz eta nerabetasunaz hitz egingo dute Harremanakeko Mireia Agirrek eta Orekaguneko Luis Legorburuk. Horietan, aldaketa psikoemozionalak, atxikimenduaren teoria, etapa ebolutiboa, gurasoen eta nerabeen harremana zein komunikazioa landuko dituzte, besteak beste. 

Hirugarren hitzaldian, maiatzaren 9akoan, sare sozialez, horien arriskuez eta aukerez arituko da Hazkundeko Maddi Oteiza. Sare sozialen erabileraz eta horien ondorioez solastu ez ezik, gurasoei gaur egungo sare sozialen inguruko xehetasunak eta azalpenak eskainiko dizkie Oteizak, gurasoek "ezagutza gehiago" eskura dezaten. 

Laugarren hitzaldia maiatzaren 16an izango da, eta drogak eta substantzien kontsumoa izango da hizketagai. Ortzadarreko Estibaliz Ansotegi arituko da gidari. Ansotegik adikzioen eta prebentzioaren alorrezko oinarrizko kontzeptuak azalduko ditu, substantziek nerabeen eta gazteen artean duten eraginari buruzko datuak eskainiko ditu eta arazo ez bihurtzeko hainbat gako eskainiko dizkie gurasoei.

Bosgarren eta azken hitzordua maiatzaren 31ean izango da, eta nerabeen gurasoekin solasean aritzeko saioa izango da. Gazteria Saileko eta Gaztelekuko hezitzaileek dinamizatuko dute. Horiek aurreratu dutenez, gurasoen kezkak eta hausnarketak entzutea da saioaren xedea, eta maiatzaren 31koa horretarako "aukera polita" izango dela adierazi dute. 

Hitzaldi guztiak 18:00etan hasi eta 19:30 aldera amaituko dira, eta Azoka Plazako aretoan izango dira. Doakoak eta irekiak izango dira, eta sustatzaileek horietan parte hartzeko deia egin dute. 

Hona hemen Guraso Eskolen egitaraua osorik: 

  • Apirilak 25: Nire seme-alaba aldatu egin da eta ez dakit zer egin hitzaldia, Mireia Agirreren (Harremanak) eta Luis Legorbururen (Orekagune) eskutik.
  • Maiatzak 2: Komunikazioa gure seme-alabekin hitzaldia, Mireia Agirreren (Harremanak) eta Luis Legorbururen (Orekagune) eskutik.
  • Maiatzak 9: Sare sozialen munduan murgildu nahi? hitzaldia, Maddi Oteizaren (Hazkunde) eskutik.
  • Maiatzak 16: Substantzien kontsumoa. Zer egin dezake familiak? hitzaldia, Estibaliz Ansotegiren (Ortzadar) eskutik.
  • Maiatzak 31: Nerabeen gurasoekin solasaldia, Gaztelekuko hezitzaileen eskutik.