Piaspe proiektu eolikoa

Lehendabiziko Sañu Eguna antolatu dute iganderako

Aitziber Arzallus 2023ko api. 18a, 09:15
Sañoa gaina.

Azkoititik, Azpeititik, Errezildik eta Zestoatik Sañoara igotzeko hainbat hitzordu jarri dituzte antolatzaileek. Han, hamaiketakoa eta bazkaria egiteaz aparte, auzotarren eta adituen eskutik bertako bioaniztasuna ezagutzeko aukera ere izango dute herritarrek.

Mendietan haize errotak jartzearen kontrako hainbat taldek –Sañu Bizirik, Oletan ere ez, Anaitasuna mendi bazkuna, Lagun Onak mendi bazkuna, Agiro mendi kluba, Sokaitz eskalada taldea eta Txillarramendi auzo elkartea– lehendabiziko Sañu Eguna antolatu dute iganderako. Eguerdia bitarte, egitarau zabala prestatu dute, eta herritar guztiei ekintzetan parte hartzeko deia egin diete, aurrez izena emateko beharrik gabe. 

Sañoara elkarrekin igotzeko hainbat hitzordu jarri dituzte. Azkoitiarrak 08:30ean Aizkibel librutegiaren parean elkartuko dira autobusez Azpeitira joateko, eta 09:00etan, Azpeitiko plazatik oinez abiatuko dira Sañoara azpeitiarrekin batera. Errezilen, 08:30etan udaletxe aurrean jarri dute lehen hitzordua; eta bigarrena, 09:30ean, Etumetako ganadutegiaren aurrean. Zestoan, berriz, Agiro mendi klubak bi ibilaldi antolatu ditu Sañoara joateko: bata, Etumetatik barrena; eta bestea, Lasaotik abiatuta. 09:00etan Gurutzean elkartuko dira guztiak eta handik autoz joango dira Lasaora edo Etumetara, gero Sañoara oinez igotzeko. 

11:00etarako denak Sañoan izatea aurreikusten dute antolatzaileek, eta han, Txillarramendi auzo elkarteak hamaiketakoaz gozatzeko aukera izango dute bildutakoek. 11:30tan, paseotxo bat emango dute auzokide zein adituen eskutik bertako bionaiztasuna ezagutu ahal izateko. 13:00tan, bazkaria egingo dute; paella jateko eta auzoan bertan egindako sagardoa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bazkalostea, berriz, trikitilariek girotuko dute, eta haurrentzako jolasak egingo dituzte.