Eskuko telefonoaren erabileraz mahai ingurua, hausnarketa kolektiboa egiteko

Ihintza Elustondo 2023ko api. 18a, 12:34
Herriko ikastetxeetako guraso elkarteetako eta udaleko ordezkariak, mahai ingurua aurkeztu ostean. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiko Udalak eta herriko ikastetxeetako guraso elkarteek elkarlanean antolatuta, Noiz eta nola eman mugikorra seme-alabei solasaldia izango da apirilaren 26an, 18:00etan, Sanagustin kulturgunean. Telmo Lazkano No Phone Challenge egitasmoaren sortzaileak eta Tolosako Altxa Burua nahiz Usurbilgo Hitz Aho guraso elkarteetako ordezkariek parte hartuko dute saioan.

Eskuko telefonoa noiz eman behar zaie haurrei eta zein da tresna horren erabilera egokia? Gizartean gero eta kezka handiagoa eragiten duen galdera da hori, eta gai hori gizarteratzeko, mahai ingurua antolatu dute Azpeitiko Udalak eta herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteek elkarlanean. Apirilaren 26an, asteazkena, izango da solasaldia, 18:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean, Noiz eta nola eman mugikorra seme-alabei izenburupean. Telmo Lazkano No Phone Challenge –Mugikorraren Auziaren Programa– egitasmoaren sortzaileak eta Tolosako (Gipuzkoa) Altxa Burua nahiz Usurbilgo (Gipuzkoa) Hitz Aho guraso elkarteetako ordezkariek parte hartuko dute saioan.

Herriko ikastetxeetan egindako lanketaren emaitza da mahai ingurua antolatu izana. Teknologia berrien nahiz sare sozialen presentzia gero eta handiagoa da gizartean, gero eta digitalagoa da eguneroko bizimodua, eta horrek haurrengan duen eraginarekin kezkatuta, guraso elkarteek lanketak egin dituzte nork bere ikastetxean. Gaian sakontzeko eta lanketa herri gisa egiteko beharra ikusi zuten gurasoek, ordea, eta udalera jo zuten orduan. Hala, udalaren eta hiru ikastetxeen artean sortutako talde eragilearen elkarlanaren ondorioz antolatu dute solasaldia. Atzo aurkeztu zituzten mahai inguruaren nondik norakoak udaletxean egindako aurkezpenean; han izan ziren Iratxe Alkorta Iraurgi Ikastetxeko guraso elkarteko kidea, Jaione Porras Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Zutarri guraso elkarteko kidea, Garikoitz Uzkudun Azpeitiko Ikastola Ikasberriko guraso elkarteko kidea eta Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko Hezkuntza batzordeburua. 

Irakaslea eta psikologian formatua da mahai inguruan parte hartuko duen Lazkano, baita sare sozialetan aditua ere. No Phone Challenge proiektuaren sortzailea da, eta proiektu horren nondik norakoak azalduko ditu solasaldian. Hala azaldu zuen Uzkudunek: "Gidabaimenarekin gertatzen den moduan, eskuko telefonoaren eta sare sozialen gaian ere formazioa behar dela dio hark. Telefonoa emateko adinak eta formazioak garrantzi handia dutela dio, eta horien erabilera goiztiarrak eta okerrak kalteak eragin ditzaketela". Bestalde, Tolosako eta Usurbilgo guraso taldeek beren esperientziak azalduko dituzte: "Beren asmoak, helburuak eta ibilbidea azalduko dizkigute, eta uste dugu gurean ere badutela lekua beren moduko proiektuek. Kezka orokorra dela uste dugu. Bakoitzak ahal bezala aurre egin beharrean, elkarrekin zerbait egin dezakegula iruditzen zaigu", gaineratu zuen. 

Hausnarketa indibidualetik kolektibora

Teknologia berriak gizartean hedatzen ari diren abiaduran jarri zuen arreta Goenagak: "Teknologia berriak oso azkar ari dira hedatzen, eta ondo erabiliz gero, oso tresna baliagarriak izan daitezke. Hala ere, haurren eskuetan daudenean, arriskuak ere handiak izan daitezke". Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio, gaia ikastetxe bakoitzean lantzeaz gain, herri mailako hausnarketa egitea.

Sakelako telefonoaren erabilerak gurasoei "buruko min asko sortzen" dizkiela azaldu zuen Alkortak: "Zein da telefonoa emateko adin egokia? Nola arautu erabilera?". Kezka horien harira, teknologiaren lanketa egiteko eta mugikorra emateko adina atzeratzeko taldeak osatzen hasiak dira hainbat herritan. "Pantailen eta eskuko telefonoen erabilera arautzea gurasoen erabaki indibiduala den arren, kolektiboki hausarneta egitea nahi dugu. Haurrak parkean eta kaleetan jolasean ikusi nahi ditugu, eta ez telefonoei edo pantailei begira", zehaztu zuen. Haurrei telefonoa eman baino lehen lanketa egin beharra dagoela azpimarratu zuen. 

Porrasen hitzetan, gero eta herrialde eta erakunde gehiago ari dira pantailen erabilerak haurrengan duen eragina aztertzen. "Euskal Herrian ere, pediatrak hasi dira pantailen erabileraren inguruko galderak egiten", esan zuen. Datu batzuk eman zituen: "Frantziako pediatria elkarteren ikerketa baten arabera, 0 eta 3 urte artean ahalik eta gutxien erabili behar dira pantailak; 3 eta 6 urte bitartean haurrek beren tresnarik ez izatea gomendatzen dute; 9 urtetik 12 urtera gune komunetan bakarrik erabiltzeko aholkua egiten dute, eta 12 urtetik aurrera, helduen gidaritzapean egitea gomentatzen dute". Erabilera okerrak eragin ditzakeen kalteez ohartarazi zuen: "Denok dakigu erabilera okerrak egoera larriak eragin ditzakeela; besteak beste, ikasketa prozesuan eragina izan dezake pantailen erabilerak. Adituek esaten dute pantailen aurrean denbora asko pasatzeak atzerapenak eragiten dituela idazketan eta irakurmen gaitasuna txikiagotzen duela". Arriskuez gain, baina, formazioan ere egin nahi izan zuen azpimarra: "Ez dugu zentratu nahi arriskuetan bakarrrik. Gai honetan ere, formazioa beharrezkoa dela ikusten dugu".