Martxan dira Gazteria sailaren Pazko Asteko ekintzak

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 11a, 16:12

Guztira, 5 eta 18 urte bitarteko 180 haurrek eta gaztek eman dute izena ostirala bitartean gauzatuko den egitarauan parte hartzeko.

Gaur goizean hasi dira udalaren Gazteria Sailak Pazko Asterako antolatu dituen ekintzak. Guztira, 5 eta 18 urte bitarteko 180 haurrek eta gaztek eman dute izena ostirala bitartean gauzatuko den egitarauan parte hartzeko.

Azpeitian zein Urrestillan izango dituzte Pazko Asteko ekintzak. 5 eta 12 urte bitartekoak hiru goizetan herrian zehar ibiliko dira. Bihar, asteazkena, aldiz, irteera eguna dute. Bizkaia aldera joango dira: 5 eta 7 urte bitartekoak, Urdaibaiko Basondora; eta 8 eta 12 urte bitartekoak, berriz, City Jump-era. Azken horiek Txindokiko Itzala abentura parkera joatekoak ziren, baina eguraldiaren iragarpena dela eta, aukera hori bertan behera utzi eta plana aldatzea erabaki dute arduradunek.

12 eta 18 urte artekoei dagokienez, horiek Gaztelekuan izango dituzte ekintzak egunero. Gaur, astea hasteko, bi sukaldariren laguntzarekin trebatzeko aukera izan dute, eta Gaztelekuan bertan bazkaldu dute. Datozen egunetan, berriz, zinema eta pala txapelketa izango dituzte, besteak beste.

 

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)