HAPOaren aldaketa puntuala abian, Perdillegin adinekoen zentro berria eraikitzeko

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 11a, 09:03
Perdillegiko eremua, gaur egun. (Maialen Etxaniz)

San Martinek ekipamendu erabilera eta Perdillegik erabilera erresidentziala izateko beharrezkoa den hiri antolamenduko araudiaren aldaketari hasierako onarpena eman dio udalak apirileko udalbatzarrean.

Perdillegin mendekotasuna duten adineko pertsonentzat eraikitzekoak diren zentroaren tramitazioarekin lotutako lehen urratsa egin du Azpeitiko Udalak.

Joan den apirilaren 3ko ezohiko udalbatzarrean, behin behineko onarpena eman zioten H.E. 2 Garmendialde eremuaren barruan, 2.1. Perdillegi azpieremuari eta A.D.2.3 San Martin zuzeneko jarduketa lurzatiari eragingo dien Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntualari.

"Aldaketa honen helburua", azaldu du erakundeak, "San Martingo eta Perdillegiko erabileren trukaketa egitea da. Hala, San Martinek ekipamendu erabilera izatea eta Perdillegin erabilera erresidentziala izatea lortu nahi da. Hori hala izan dadin, HAPOaren aldaketa puntuala tramitatzea ezinbestekoa da".

Onartu berri dutena tramitazio horren "lehen akordioa" dela ere azaldu du udalak. Bide horretan aurrera eginez, "besteak beste", ingurumen baimena tramitatuko dute. Izapide guztiak osatu eta horiek berriro udalbatzarrak onartutakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordera bidaliko dute txostena, hark behin betiko onarpena eman diezaion.