Gaurtik astelehenera Azpeitiko Turismo Bulegoa irekiko du udalak Basazabalen

Nerea Uranga 2023ko api. 6a, 12:00
Basazabal jauregia. (Nerea Uranga)

Gaurtik astelehenera bitartean egongo da zabalik Basazabal jauregian, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara artean.

Aste Santuko jai egunetan bisitariei "Azpeitia bizi eta ezagutzen laguntzeko", Turismo Bulegoa irekita izango du udalak Basazabal jauregian. Gaurtik astelehenera bitartean egongo da zabalik, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.  

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, Azpeitiak "eskaintza zabala" eskaintzen du herrira datozen bisitarientzako, besteak beste, Loiolako Santutegia, Izarraitzen mendi ibilaldiak, Soreasuko Sebastian Deunaren Parrokia, Ekoetxea, Sanagustin kulturgunea, Azoka Plaza, Madalenako erietxea, Izarraizko Atea parkea, Xaguxatarren ibilbidea eta Basazabal jauregia. "Herri bizia da Azpeitia, bizitzeko modukoa. Euskaraz da Azpeitia; euskaraz bizi da. Herrian bertan bada zer ikusia, zer sentitua eta zer bizi", adierazi du udalak.

Ekoetxea eta Igarako errota

Azpeitiko Trenaren Museoa eta Ekoetxea ere zabalik izango dira Aste Santuko egunetan.

Ekoetxea egunero egongo da irekita, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era (igandean, goizez bakarrik dago irekita). Ekoetxeak Igarako errota bisitatzeko aukera ere jarriko du gaurtik igandera bitartean, 12:00etan izango da bisita gidatuaren hitzordua, eta bisitak irauten duen artean Ekoetxea itxi egingo dute. Ekoetxerako zein Igarako errotarako bisitarako sarrera doakoa da; dena den, Igarako errotako bisitan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Hala ere, Igarako Errota ikusi nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute hemen.

Ekoetxeatik abiatuta, Xaguxatarren ibilbidea egiteko edota xaguxatarren haur parkean jolasteko aukera dagoela adierazi du udalak.

Goenan, autokarabanentzako gunea

Udalak gogorarazi du Azpeitira autokarabanan datozen bisitarientzako gunea egokituta duela Goenako naturgunean: "Goenako zerbitzuguneak autokarabanak aparkatzeko espazioak ditu, baita ur-hartuneak ere". Zerbitzua doan da. Erabiltzaileei gunea erabili ondoren garbi uzteko eskatu die udalak. Autokarabanek gehienez 72 orduz segidan egon ahalko dute bertan.