232 herritarrek eman dute izena Xapokeitan jokoan

Ihintza Elustondo 2023ko api. 5a, 16:00
Eneritz Albizu zinegotzia, Leire LarraƱaga Uztarriaren ordezkaria eta Leire Goenaga zinegotzia, jokoaren aurkezpenean. (Aitziber Arzallus)

Euskararekin eta euskaraz jolas egiteko Azpeitiko Udalak eta Uztarriak elkarlanean sortutako lehiaketa da Xapokeitan. Egunean Behin jolas ezagunaren antzerako formatua izango du. 232 lagunek eman dute izena jokoan, eta horiek apirilaren 17tik 30era bitartean erantzun beharko dituzte galderak. Maiatzaren 9an izango da finala.

Euskararekin eta euskaraz jolas egiteko, Xapokeitan jolasa sortu dute Azpeitiko Udalak eta Uztarriak elkarlanean. Joan den astean aurkeztu zuten egitasmoa, eta orduan zabaldu zuten lehiaketan izena emateko epea ere; atzo amaitu zen horretarako aukera. Guztira, 232 lagunek eman dute izena. Galdera-erantzunen jolasa izango da Xapoiketan, eta Egunean Behin jolas ezagunaren antzerako formatua izango du. Galderak, ordea, Azpeitiarekin eta Euskal Herriarekin zerikusia dutenak izango dira.

Apirilaren 17tik 30era bitartean egongo da martxan Xapokeitan jolasa; hamalau egunez, hain zuzen ere, asteburuak barne. Parte hartzaile bakoitzak egunean hamar galdera erantzun beharko ditu, 08:00etatik 12:00etara bitartean. Galdera bakoitzak hiru erantzun posible izango ditu –horietako bakarra izango da zuzena–, eta parte hartzaileak bat aukeratu beharko du.

Finala, maiatzaren 9an

Behin hamalau egun horiek igarota, finala jokatzea geldituko da, eta maiatzaren 9an izango da hori, Sanagustin kulturgunean eta herritarren aurrean. Hiru parte hartzaile sailkatuko dira finalera: batetik, erantzun zuzen gehien asmatzen dituzten bi herritarrak –berdinketarik balego, zozketa bidez erabakiko dira horiek–; eta bestetik, parte hartzaile guztien artean zozketa eginda tokatzen zaiona. Finalera sailkatzen den parte hartzaile bakoitzak bikotekidea aukeratu beharko du finalean parte hartzeko. Hortaz, hiru bikote ariko dira elkarren kontra finalean. Hainbat proba egin ostean, bikote bat kanporatua izango da, eta beste biek elkarren kontra jokatuko dute irabazlea zein den erabakitzeko.

Finalera iristen diren bikoteentzat sari potoloak izango dira. Bikote irabazleak 100 euroko Bertan merkatarien elkarteko bi bonu eta bertako produktuez osatutako bi otarre jasoko ditu, bikotekide bakoitzarentzako bana. Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatzen diren bikoteek, berriz, 50 euroko Bertan merkatarien elkarteko bina bonu eta bertako produktuez osatutako bina otarre jasoko dituzte, bikotekide bakoitzarentzako bana. Horrez gain, jolasean parte hartu duten herritar guztien artean hamar sari zozkatuko ditu Uztarriak.