Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute Uemak eta Azpeitiko Udalak

Ihintza Elustondo 2023ko api. 6a, 11:00
Gipuzkoako Ogasunaren Azpeitiko bulegoaren kanpoaldea.

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi dute kanpainarekin. Apirilaren 3tik ekainaren 30era gauzatu ahal izango da aitorpena, eta herritarrek euskaraz egiteko eskatu ahal izango dute. Azpeitiko 8.096 herritarrek egin zuten 2021eko errenta aitorpena iaz, eta horietatik %45ek euskaraz.

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute Uemak eta hainbat erakunde publikok elkarlanean; bat egin du egitasmoarekin Azpeitiko Udalak ere. Kanpainarekin Uemak lortu nahi duena da herritarrek euskaraz egitea errenta aitorpena. Errenta euskaraz gauzatzen duten herritarren kopurua urtez urte gora egiten ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik zifra, eta horretan eragin nahi dute Uemak eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez. Apirilaren 3an hasi zen errentaren kanpaina Arabako eta Gipuzkoako foru ogasunetan, eta ekainaren 30era arte iraungo du.

Udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean gauzatzen du Uemak kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du mezua bere beharren arabera. Besteak beste, Errenta aitorpena euskaraz leloa daraman kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura Uemak, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin. Gipuzkoan, aurten ere, Ogasunarekin euskaraz leloa erabiliko du aldundiak, eta Uemak ere halaxe gehituko du Gipuzkoako udaletara zabaldutako euskarri guztietan.

Errenta euskaraz egiteko modu bat baino gehiago daude: autolikidazio proposamena onartzeko orduan, baita aitorpena Internetez edo modu mekanizatuan Ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi dela hautatuz edota dagokion langileari horrela adieraziz. Bestalde, aitorpena gestoria batean eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egiteko eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea ere adieraz daiteke.

%45ek euskaraz

Azpeitian 8.096 lagunek egin zuten 2021eko errenta aitorpena iaz, eta horietatik %45ek –3.656– gauzatu zuten euskaraz. Duela bi urtekoa baino puntu bat handiagoa da kopuru hori; izan ere, %43,89k egin zuten orduan euskaraz.