Protesta egin dute Ikasberri Ikastolan, Hezkuntza Sailak matrikulazio prozesuan egin dituen aldaketak salatzeko

Ihintza Elustondo 2023ko mar. 31a, 16:24
Hainbat ikasle, langile eta guraso elkartu dira Ikasberri Ikastolaren atarian, protesta egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak aldaketak egin ditu matrikulazio prozesuan, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek ikasle zaurgarrientzat leku batzuk gorde beharko dituztelako. Horren aurrean desadostasuna adierazteko, elkarretaratzeak deitu ditu Ikastolen Elkarteak gaurko, eta mobilizazioa egin dute Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.

Egun korapilatsuak izaten ari dira hezkuntzan, 2023-2024ko ikasturterako matrikulazio prozesua dela eta. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak asteartean argitaratu zituen ikastetxe bakoitzean onartutako ikasleen behin-behineko zerrendak. Aldaketak iragarri zituzten matrikulazio prozesurako, ikasle zaurgarrientzat leku batzuk gorde beharko dituztelako diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek. Orain, zerrendak argitaratu ostean, hautsak harrotu dira. Besteak beste, kexa adierazi du Ikastolen Elkarteak, eta esan du ikastolaren batean matrikula egin duen ikaslerik ez dutela bidaliko beste eskola batera. Matrikulazio baldintza berak eskatu dituzte "Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten zentro guztientzat»: «Hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta, ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko".

Desadostasun horren harira, elkarretaratzeak deitu ditu Ikastolen Elkarteak gaurko, eta beste zentro askotan bezala, protesta egin dute Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ere. Ikasberrik adierazi duenez, "egonezin handia" sortu da ikastoletan eta familietan matrikulazio prozesuaren harira. "Hezkuntza Sailari gure posizionamendua argi erakusteko beharra ikusi dugu, eta, bide batez, bizitzen ari garen egoera gizarteratzeko premia ere bai. Atzo, ikastolen balorazioa jasotzen duen prentsa oharra helarazi genien Euskal Herriko komunikabide guztiei. Gaur, ikastola guztietan elkarretaratzeak egitea erabaki dugu, eta guk ere egin dugu", adierazi du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik. 13:00etan elkartu dira ikastolaren atarian ikasleak, familiak nahiz langileak, Hezkuntza Sailari planto egiten dutela adierazteko. "Entzun gaitzatela!", adierazi dute.

%94 aukeratutako lehen ikastetxean

Atzo, hezkuntzako eragile nagusiek prozesurako "gardentasuna" eskatu zioten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Gaur erantzun du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, eta datuak eman ditu Eusko Legebiltzarrean. Haren esanetan, 2 urteko geletan matrikulatzeko 11.963 eskaera jaso dituzte. Horietatik %93,8 zerrendan aukeratutako lehenengo ikastetxean sartu dira; %3,8, beraiek aukeratutako beste eskola batean; eta %2,3ri administrazioak esan die zein eskolatara joan beharko duten.