Haurren garapenerako jolasak duen garrantziaz hitz egin dute Basazabal jauregian

Andoni Elduaien 2023ko mar. 31a, 08:56
Leyre Cano jendaurrean azalpenak ematen. (Udala)

Leyre Canok zuzendu zuen solasaldia herenegun, asteazkena, Basazabal jauregian. Haurren garapenean laguntzeko, jolasak duen garrantzia nabarmendu zuten saioan.

Azpeitiko Udalak antolatuta, Jolasaren garrantzia haurren garapenean eta familian izeneko solasaldia egin zuten herenegun, asteazkena, Basazabal jauregian. Leyre Canoren gidaritzapean, haurraren garapenean jolasak duen garrantziaz aritu ziren solasean zenbait guraso, irakasle eta hezitzaile. Haurren garapenean laguntzeko, jolasa bermatzeko eta jolasa baliabide gisa erabiltzeko kontzientzia, erremintak nahiz esperientziak eskuratzeko xedez egin zuten saioa.

Hitzaldian hogei bat lagunek parte hartu zuten, eta horiei, besteak beste, jolasaren definizioa nahiz funtzioak ezagutarazi zizkien Canok, baita jolasaren zein emozioen arteko erlazioa zein den adierazi ere. Era berean, autoestimua lantzeko zein gatazken konponketarako jolasa erabiltzen ikasteko, jolasa praktikan jarri ahal izateko baliabideak ezagutzeko eta kasu praktikoekin trebatzeko parada izan zuten partaideek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Treba Gurasoak prestakuntza egitasmoaren barruan eta Gaztematikarekin elkarlanean egin zuten hitzaldia. Hain justu, haurren emozioak bideratzeko, arauak barneratzeko eta horien osasun mentala bermatzeko hainbat gako ere eskaini zituzten saioan.