Oinarriak

Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 14:08

Xapokeitan lehiaketako oinarriak.

Zer da Xapokeitan?

Azpeitiko Udalak sustatutako  eta UKTko Uztarria tokiko hedabidearekin elkarlanean prestatutako lehiaketa da.

Xapokeitan Azpeitiko eta Euskal Herriko hainbat gairekin zerikusia  duten galdera-erantzunen jolasa da: euskara, kultura, erlijioa, kirola, zientzia, ingurumena, politika, festak, geografia, historia, ekonomia, artea eta gizartea.

Lehiaketak bi zati izango ditu

  1. Galdera-erantzunen on-line jokoa
  • Apirilaren 17tik apirilaren 30era izango da lehiaketa; 14 egunez jokatuko da galdera-erantzunen lehiaketa (asteburuak barne).
  • Egunean 10 galdera erantzun beharko dira, 14 egunez jarraian, 08:00etatik 00:00etara bitartean.
  • Horrenbestez, parte hartzaile bakoitzak 140 galdera erantzun beharko ditu bi astetan. Galdera bakoitzak hiru erantzun posible izango ditu –horietako bakarra izango da zuzena–, eta parte hartzaileak bat aukeratu beharko du.
  • Finala hiru parte hartzaileren artean jokatuko da.
  • Erantzun zuzen gehien asmatzen dituzten lehen bi parte hartzaileek finalean parte hartuko dute. Berdinketarik balego, zozketa bidez erabakiko dira lehenengo bi finalistak.
  • Hirugarren finalista parte hartzaile guztien artean aukeratuko da, zozketa bidez.
  1. Ikus-entzunezko finala
  •  Maiatzaren 9an jokatuko eta grabatuko da finala, Sanagustin kulturgunean, ikusleekin.
  • Finalera sailkatzen den parte hartzaile bakoitzak bikotekidea aukeratu beharko du finalean parte hartzeko. Hortaz, hiru bikote arituko dira elkarren kontra finalean:
  • On-line lehiaketaren bi finalistak eta bakoitzak aukeratzen duen laguna.
  • Zozketa bidez aukeratutako parte hartzailea eta hark aukeratutako beste pertsona bat.
  • Hiru bikoteak hainbat probatan lehiatuko dira. Bikote bat kanporatuko da, eta beste biek elkarren kontra jokatuko dute irabazlea erabakitzeko.

Izen ematea

Lehiaketan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, honako loturan azaltzen den formularioa bete eta bidali beharko da, apirilaren 4ko 12:00ak baino lehen: https://forms.gle/mTwcqfB5DZ8jmHM56

Lehiaketan izena ematen dutenek apirilaren 13an mezu elektroniko bat jasoko dute, lehiaketan parte hartzeko erabiltzailearekin eta pasahitzarekin.  Horiek erabili beharko dituzte erregistratzeko eta lehiaketan parte hartzeko.

Nori zuzenduta dago lehiaketa?

- 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte lehiaketan. 

Oharra: Adin txikikoek gurasoen baimena beharko dute finalean parte hartu ahal izateko.

PRIBATUTASUN POLITIKA eta LEGE OHARRA