Karnabalak 2023

Ander Uria: "Sokamuturrak sortzen dituen emozioak irudikatzen ditu argazkiak"

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 28a, 17:36
Ander Uria. (Maialen Etxaniz)

Aurtengo karnabaletako Sokamuturra argazki lehiaketako sari nagusia irabazi du Ander Uriak (Azpeitia, 2003), Azpeitiko arriskua lanarekin. 

Espero al zenuen irabaztea?

Inolaz ere ez. Iaz aurkeztu nintzen aurrenekoz Sokamuturra argazki lehiaketara, eta aurtengoa bigarren aldia izan da. Urtero ibiltzen nintzen zezenean, eta karnabal ostean urtero etortzen nintzen lehiaketara aurkeztutako irudiak ikustera, sokamuturzalea naiz eta. Hala ere, afizioz hasi nintzen lehiaketara aurkezten, eta sorpresa handia izan da.

Kalitatea du saria irabazi duen irudiak. Nola ikasi duzu argazkiak ateratzen?

Neure kabuz hasi nintzen argazki kamera erabiltzen. Betitik atsegin izan dut argazkiak ateratzea, etxean ere horretarako joera egon delako beti. Aitari betitik gustatu izan zaio, eta haren zaletasuna hartu dut nik. Iaz argazki elkartearen ikastarora animatu nintzen, eta han ikasitakoa praktikan jartzen ari naiz orain. Ia dena neure kabuz ikasi dut.

Zer behar du sokamuturreko argazki on batek?

Ezinbestean, zezena agertzea. Jendea agertzea ere garrantzitsua da, baina zezena agertzen ez baldin bada… Argazki mordoxka aterako zenuen karnabaletan.

Zaila izan al da batzuk aukeratzea?

Bai. Ordu asko igaro ditut argazkiak ikusten eta lehiaketara zein aurkeztu erabakitzen; izan ere, guztira 3.000 argazki inguru atera nituen karnabaletan, eta horiek guztiak errepasatzea eta horietatik bost bakarrik aukeratzea oso zaila izan da. Are zailagoa bakarra aurkeztea.

Azpeitiko arriskua izena jarri diozu argazki irabazleari. Zer ikus daiteke irudian? Zergatik aukeratu zenuen irudi hori?

Astelehen Karnabalean plazan ateratako argazkia da. Bertan zezena agertzen da sokamuturrean dabilen gazte bat harrapatzen. Unea, ordea, berezia da, ez baitago argi gero zer gertatuko den: gaztea harrapatuko ote duen edo ez, eroriko ote den edo ez… Bitxikeria bat ere badu irudiak, zezenak gazteari hanka harrapatu diola ikusten baita. Gainera, hesien atzean dagoen jendearen erreakzioa oso argi ikusten da. Aho zabalik edo harrituta agertzen dira gehienak; sokamuturrak sortzen dituen emozioak irudikatzen ditu argazkiak. Irudian agertzen den gaztea nire ezaguna da, eta horrek ere egiten du berezi niretzako. Horregatik aukeratu nuen argazkia lehiaketarako.

Sokamuturrean ibiltzea edo argazkiak ateratzea; zein dira desberdintasunak?

Sokamuturra ikusten ari zarenean lasai zaude. Kamara eskua duzunean, aldiz, oso adi egon behar duzu, batez ere soka non dagoen jakiteko. Zezenak beste arrisku dauka sokak, erortzeko arriskua eragiten baitu. Beraz, argazkiak ateratzerakoan uneoro tentsioan zaude. Noski, ez da gauza bera argazkia hesi barrutik edo kanpotik ateratzea. Zezena parez pare duzunean bestelakoa da sentitzen den beldurra eta adrenalina.

Karnabal giroko argazkirik aukeratu al duzu sariketara?

Bai, bakarra aurkeztu nuen. Jai Karnabalean Erdikalean egoten den giroa ikusten da irudian.

Datozen urteetan ere aurkeztuko al zara lehiaketara?

Bai, noski. Uste dut urte luzez arituko naizela honetan, nazkatzen naizen edo gorputzak uzten didan arte bai behintzat.