Batzuentzat asteburu gozoa, besteentzat gazia

Julene Frantzesena 2023ko mar. 26a, 19:10
Lagun Onakeko emakumeen taldearen hasierako hamaikakoa. (Lagun Onak)

Ohorezko Erregional Mailako emakumeen taldeak 1 eta 0 irabazi zuen zapatuan, Tolosaren aurka. Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeari, berriz, ihes egin zieten atzo jokoan ziren eta mailari eusteko borrokan jarraitzeko behar zituen urrezko hiru puntuek: 0 eta 2 galdu zuen Leioaren aurka.

Lagun Onak futbol taldeko gizonen eta emakumeen lehen taldeek etxean jokatu dituzte ligako partidak asteburuan. Emakumeentzat asteburu gozoa izan da joan berri dena; gizonentzat, gazia, ordea. Izan ere, emakumeek hiru puntu lortu zituzten zapatuan Tolosaren kontra, eta gizonek, berriz, batere ez atzo, Leioaren aurka.

Zapatuan Tolosa izan zuen aurrez aurre Unai Urbizuk zuzentzen duen  Ohorezko Erregional Mailako emakumeen taldeak Garmendipeko zelai artifizialean. Partida estua izan zen, eta atsedenaldiak markagailuan golik ageri ez bazen ere, garaipenaren gola 83. minutuan sartu zuen Lagun Onakek. Hain zuzen ere, erdiraketa sareetara bota zuen Joane Kortak, eta hiru puntu poltsikoratu zituen taldeak gol horri esker.

Lagun Onakeko gizonek, berriz, atzo jokatu zuten Espainiako Hirugarren Mailako partida Garmendipen, Leioaren aurka. Liga bukatzeko bost jardunaldiren faltan, sailkapeneko azken hirugarren postuan dira Ander Avellanedaren mutilak, baina urrezko hiru puntuek ihes egin zieten atzokoan. Izan ere, lehen zatiko 23. minutuan sartu zuen Leioak lehen gola, eta 77. minutuan, berriz, bigarrena. Ondorioz, jokoan ziren hiru puntuak Bizkaira eraman zituen atzo Leioak.