Otaño nagusi, Mugertzaren kontrako apustuan

Julene Frantzesena 2023ko mar. 26a, 14:29
Eneko Otaño apustua irabazi berritan. (Ibon Errazu)

Ibilbideko hirugarren apustua irabazi du beizamarrak gaur Azpeitiko zezen plazan. Mugertzak baino enbor bat gehiago ebaki behar zituen, hogeita bat guztira, baina mutrikuarrari emandako abantaila ez da apustua ez irabazteko aitzakia izan Otañorentzat. Egin duen lanarekin "gustura" agertu da beizamarra apustua bukatu eta ordu batzuetara.

Ikusmina piztu du gaur eguerdian Eneko Otaño beizamarrak eta Ugaitz Mugertza mutrikuarrak Azpeitiko zezen plazan jokatu duten aizkora apustuak. Herritar ugari joan dira hara, kirolari bata zein bestea animatzera, eta Mugertzak lanetan abantaila baldin bazuen ere, Otaño izan da nagusi.

12:30ean hasi dira bi aizkolariak lanean: Mugertzak hogei eta Otañok hogeita bat kanaerdiko ebaki behar zituzten, apustuko bi protagonistek hala adostu baitzuten. Otañok azkarrago ebaki ditu lehen enborrak, eta Mugertzari atera dion aldea handitzen joan da lanekin aurrera egin ahala. Kanaerdiko bat gehiago ebaki badu ere, 48 minutu eta 26 segundo behar izan ditu Otañok lanak bukatzeko, eta enbor bat gutxiago ebakita, 49 minutu eta 45 segundotan bukatu ditu lanak Mugertzak.

Egin duen lanarekin "gustura" agertu da beizamarra apustua bukatu eta ordu batzuetara. Hala esan dio Uztarriari eta Urola Kostako Hitzari: "Hasieratik ondo joan da desafioa. Indartsu atera naiz plazara, eta gero, eutsi egin diot. Egia esan, gustura nago egindako lanarekin". Zezen plazan izan den giroarekin ere gustura agertu da aizkolaria: "Giro bikaina izan da. Jende asko joan da apustura, eta anbiente ederra sortu da".

Bosna mila euro zituzten jokoan gaur bi aizkolariek, eta Otañorentzat izan da saria. Gainera, gaurko garaipenarekin, beizamarrak hiru apustu irabazi ditu. Izan ere, aurretik mendean hartuak zituen Xabier Orbegozo Arria V.a eta Mieltxo Mindegia. Dena den, Otañok apustu bat ere badu galduta: Mikel Larrañagaren kontra 2014an jokatutakoa.

Joan zen astean Urola Kostako Hitzak eta Uztarriak elkarrizketa egin zioten Otañori apustuaren atarian, eta hark datorren urtean beste apustu bat jokatzeko aterik ez duela ixten azaldu zuen. Honako lotura honetan irakur eta ikus daiteke solasaldia.

Erlazionatuak