Victor Kipruto eta Cynthia Kosgei nagusi, 30. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Maialen Etxaniz - Julene Frantzesena 2023ko mar. 25a, 20:29

Beste urte batez, kirolak eta festak bat egin dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian. Jendetsua izan da aurtengo edizioa, eta eguraldia lagun, herritar ugari irten da kalera korrikalariak animatzera. Lasterketa nagusian Victor Kipruto eta Cynthia Kosgei izan dira helmugara iristen aurrenak. Joseba Diaz azkoitiarrak lasterketa ederra egin du, eta ibilbidean zehar lehen postuetan eutsi dion arren, azkenean seigarren helmugaratu da. Lasterketa herrikoan, gizonezkoen mailan, Jon Presa izan da nagusi, eta emakumezkoetan Nerea Murua. Hanbike modalitatean Ion Galarragak jantzi du txapela. Lasterketa hasterako Jose Antonio Zulaikak aitortza jaso du. Sorpresaz hartu du hark errekonozimendua.

Keniarrak izan dira nagusi Diego Garcia zenaren omenezko 30. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian. Gizonezkoetan, Victor Kipruto izan helmugara iristen aurrena, ordubete eta 50 segundoko denbora erdietsita. Emakumezkoetan, aldiz, Cynthia Kosgei izan da azkarrena, ordubete, bederatzi minutu eta bost segundotan (01:09:05) helmugaratuta. Bi lasterkariek aurrez zituzten markak gaindutu dituzte, eta lasterketa polita egitea lortu dute. Lasterketa herrikoan, gizonezkoen mailan, Jon Presa izan da aurrena, eta emakumezkoetan Nerea Murua. Hanbike modalitatean Ion Galarragak (0:59:25) jantzi du txapela nahiz eta aurkari bakarrarekin batera helmugaratu den. Beste urte batez, festa giroa izan da nagusi arratsaldean zehar Azkoitiko zein Azpeitiko kaleetan, eta jendetza atera da kalera korrikalariak animatzera. 

Une hunkigarriak bizi ahal izan dituzte herritarrek Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren aurtengo edizioa hasterako. Izan ere, omenaldietarako tartea egiteko aprobetxatu dute kirol probaren sustatzaileek. Hain zuzen ere, proba herrikoia hasi aurretik, 16:00 aldean, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak kantuan aritu dira irteera puntuan ondoan. Han ziren ordurako, besteak beste, Diego Garcia zenaren familiako kideak, Ione Basterra zenaren gurasoak nahiz Alejandro Gomez zenaren senideak, baita Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako ordezkariak ere. Hildako hiru kirolarien familietako kideek bat, bi eta hiru zenbakidun dortsalak jaso dituzte. Gainera, omenalditxo bat ere egin dute maratoi erdiaren antolatzaileek. Urteetan atletismoaren munduan lan nekaezina egin duen Jose Antonio Zulaikak aitortza jaso du; sorpresaz hartu du hark errekonozimendua.

Omenaldiko irudiak, bideoan: 

 

16:15 iristear zirela, Marea Urdinako eta Gautenako kideek bota dute proba herrikoiari hasiera eman dion suziria, eta berehala hasi dira dozenaka gizon-emakume zortzi kilometroko proba egiten. Handik minutu batzuetara, 16:30ak jotzerako, handbike proba hasi da –bi parte hartzaile izan dira aurtengoan–, eta haren atzetik, berriz, hain entzutetsua den maratoi erdia. 

Sailkapenak eta denborak

Aurten, 301 lagunek amaitu dute 8,1 kilometroko XI. Azkoitia-Azpeitia lasterketa laburra, eta gizonezkoetan helmugara iristen aurrena Jon Presa lasartearra izan da (0:26:29). Bigarren sailkatu da Mustapha Archaoui (0:26:43) eta hirugarren Iban Delgado (0:27:02), biak ala biak arrasatearrak. Emakumezkoetan, Nerea Murua lezoarra izan da azkarrena (0:30:47). Haren atzetik helmugaratu da Eneritz Aramendi azpeitiarra (0:32:38), eta Ioana Arbillaga tolosarrak (0:35:25) osatu du podiuma.

Hanbike proban, batera helmugaratu dira Ion Galarraga eta Mikel Goikoetxea, eta herritarrek txaloz hartu dituzte helmugan. Helmugara batera iritsi diren arren, Galarraga izan da helmuga igarotzen aurrena (0:59:25), eta hark jantzi du txapela. Segundo bat beranduago sartu da helmugan Goikoetxea (0:59:26), baina hark ere eraman du merezitako oroigarria.

Lasterketa nagusian, 30. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian, gizonezkoetan, Victor Kipruto izan helmugara iristen aurrena, (01:00:54). Lasterketa ederra egin du, eta ibilbidean zehar nor baino nor lehen zein bigarren postuetan borrokan ibili den arren, azkenean abantaila hartu dio atzetik jarraika zuen Chakib Lachgarri, ia minutu bateko aldea aterata. Lachgarrek ordubete, minutu bat eta 45 segundoko (01 :01:45) denboran osatu du lasterketa. Gizonezkoen podiuma Kevin Kibetek osatu du (01:02:47). Joseba Diaz azkoitiarrak lasterketa ederra egin du, eta ibilbidean zehar lehen postuetan eutsi duen arren, azken kilometroetan zertxobait atzeratu da, eta seigarren helmugaratu da (01:07:38). 

Herrikako sailkapenei dagokionez, Joseba Diaz izan da helmugara iritsi den lehen gizonezko azkoitiarra, eta Ainhoa Agirrebeña lehen emakumezkoa (01:36:08). Azpeitiarretan, aldiz, lehen gizonezkoa Xabat Manzisidor izan da (01:12:59) eta lehen emakumezkoa Olaia Iraola (01:31:12).  

18:15ak aldera egin dute sari banaketa ekitaldia Loiola hotelaren aurrean, eta sariak banatzen hasterako, hainbat bertso eskaini dituzte Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek. Jende ugari izan da sari banaketan ere, eta antolatzaileak eskertuta agertu dira probak izandako harrerarekin. 

Sailkapen guztiak ikusgai daude, kronoak.com webgunean. 

(Argazkiak: Maialen Etxaniz eta Julene Frantzesena)