Pasaiako segadan hildakoak gogoan, ekitaldia egin dute Esklabetan

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 25a, 16:11

Pasaian hildako kideak gogoan, bertsoz eta musikaz girotu dute ekitaldia. Iaz landatutako hagin arbolaren ondoan oroigarri bat jarri dute Pasaian hildako lau kideen oroimenez. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Komando Autonomo Antikapitalistetako hainbat kide ohi, tartean Joseba Merino. 

Martxoaren 22an 39 urte bete ziren Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak izan ziren gertaera horretan hil zituzten lau kideak, eta horien izan dituzte gogoan gaur eguerdian Esklabetan egin duten ekitaldian. 

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta egin dute ekitaldia. 13:00etan hasi da eta ordubete inguru iraun du. Iaz landatutako hagin arbolaren ondoan oroigarri bat jarri dute Pasaian hildako lau kideen oroimenez. Hasteko, bertso batzuk abestu dituzte 1984ko martxoaren 22an jazotakoak oroituz. Jarraian, Pasaiako segada gogoan hartuta egin duten irakurketa partekatu dute. Kontseilu Sozialistako kideek adierazi dutenez, Pasaiako segada "estatu kapitalista zapaltzaileak militante iraultzaileen aurka erabiltzen duen basakeriaren sinboloetariko bat" da Euskal Herrian. Hori dela eta,  esan dute "egin behar" gisa dutela "klase zapalkuntzarekin amaitzeko eta proletalgoaren emantzipazioa lortzeko borrokan bizia eman zuten militante iraultzaileak gogora ekartzea", haien izenak eta borrokak "langileriaren oroimen kolektiboan bizirik mantendu daitezen".

Amaitzeko, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hartutako erabakia izan dute hizpide; izan ere, Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia, eta auzitegi horrek identifikazio saio batera ditu 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen polizia operazioan parte hartu zuten zazpi lagun. Kontseilu Sozialistako kideen hitzetan, "auzia berriz irekitzea eta erailketaren egileak izan zirenak judizialki zigortzeko aukera izatea berri ona da", baina azpimarratu dute "botere judiziala politika eta dominazio burgesa bermatzeko erakundea" dela. Ekitaldia borobiltzeko, hainbat kantu abestu dituzte.

Hitzorduan izan dira, besteak beste, Komando Autonomo Antikapitalistetako hainbat kide ohi, tartean, Joseba Merino. Ekitaldia amaitzean hitza hartu du hark, eta azken berriak partekatu ditu Esklabetara bertaratutakoekin. Era berean, ekitaldira joandako herritarrek egindako galderak erantzuteko tartea ere hartu du. Askotariko galderak egin dizkiote, besteak beste, gaur egungo testuinguru politikoaz nahiz astearteko errekonozimendu saioaz. Amaitzean, mokadutxoa egin dute bertaratu direnek Esklaben atarian.  

(Argazkiak: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)