Gipuzkoako Enpresaren Saria irabazi du Elmubasek

Julene Frantzesena 2023ko mar. 24a, 15:20
Gipuzkoako Enpresa Sarietan aitortza jaso duten kideak eta erakundeetako ordezkariak gaur, Donostian. (Gipuzkoako Bazkuna)

Etxeko animalientzat elikagaiak ekoizten ditu Elmubas Petfoof Groupek. Bere sektorean enpresa "erreferentea" delako, "inbertsio ahalegin nabarmena" egin duelako eta produktuen dibertsifikazioan "ahalegin berritzailea" egin duelako saritu du Gipuzkoako Bazkundeak Azpeitiko enpresa.

Gipuzkoako Enpresa Sariak banatu dituzte gaur, ostiralarekin, Gipuzkoako Bazkundearen Donostiako egoitzan, eta Gipuzkoako Enpresa saria Azpeitiko Elmubas Petfood Groupentzat izan da. Etxeko animalientzat elikagaiak ekoizten ditu Elmubasek, eta bere sektorean enpresa "erreferentea" delako, elikagai lehorrak ekoizteko Europako planta handiena izatera eraman duen "inbertsio ahalegin nabarmena" egin duelako eta produktu dibertsifikatuen gama zabal bat garatzeko "ahalegin berritzailea" gauzatu duelako saritu dute enpresa.

Orendaundi industrialdean dago kokatuta Elmubas lantegia, eta 230 behargin ditu egun. Piensos Bastida zena 2019an erosi zuen Portobello Capitalek, eta 2020an lantegia handitzeko obrak egin zituzten. Urtean 125 milioi euroko fakturazioa du enpresak, eta ekoizpenaren %55 esportatu egiten du, hala nola Argentinara, Israelera, Koreara nahiz Australiara. Batez ere, txakurrentzako eta katuentzako askotariko ezaugarriak dituzten jakiak egiten dituzte Azpeitiko lantegian. Maskotentzako janaren ekoizpenean enpresa liderra da Elmubas,

Halaber, Gipuzkoako Bazkunak azaldu duenez, Azpeitiko enpresak ingurumen kalteak murriztera bideratutako hiru proiektu ditu egun esku artean. "Mugikortasun berdearen proiektua lantegiaren instalazioetan; plastikoaren erabilera gutxitzeko proiektua; eta energetikoki orekatua den lantegiaren proiektua". Horrez gain, Elmubasek produktuak berritzeko eta dibertsifikatzeko ahaleginean jarraitzen duela ere jakinarazi dute.

Gaurko sari banaketa ekitaldian izan dira Elmubaseko ordezkariak, baita Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere. Gipuzkoako Enpresa Sarien 30. edizioa izan da aurtengoa. Elmubas ez ezik, Oñatiko Lana kooperatiba, Lazkaoko Ezarri enpresa, Gureak sozietatea eta Donostiako Irisbond enpresa saritu dituzte autrengo edizioan.