Kaletxiki eta Kaleaundi berrurbanizatzeko proiektuaz batzar irekia egingo dute asteazkenean Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 23a, 09:21
Urrestillako Kaletxiki. (Mailo Oiarzabal)

Bi kale horietarako egin duen behin-behineko proiektua aurkeztuko die herritarrei Azpeitiko Udalak, ekarpenak jasotzeko eta horiekin "proiektua egokitzeko eta ixteko".

Urrestillako Kaletxiki eta Kaleaundi berrurbanizatzeko behin-behineko proiektua egin du Azpeitiko Udalak, eta proiektu hori eta dituen asmoak aurkezteko batzar irekia egingo dute datorren asteazkenean, martxoaren 29an, Urrestillako Ibaigain jubilatuen lokalean, 19:00etan.

Udalak azaldu duenez, iazko azaroan aurrekontuak osatzeko Urrestillan egindako bileran aurreratu zuen erakundeak aipatutako bi kaleak berrurbanizatzeko eta egokitzeko proiektua osatzen ari zela, eta proiektua osatutakoan beste bilera batera deituko zituela herritarrak. Izan ere, behin-behineko proiektua da udalak egin duena, eta proiektu hori aurkezteko eta azalpenak emateko ez ezik, ekarpenak jasotzeko eta horiekin "proiektua egokitzeko eta ixteko" deitu du datorren asteko bilera.