Haurren garapenean jolasak duen garrantziaz solasaldia izango da datorren asteazkenean

Julene Frantzesena 2023ko mar. 22a, 13:08

Gurasoei zuzendutako hitzaldia 18:00etatik 19:30era eskainiko du Leyre Canok, Basazabal jauregian, eta doakoa izango da. Hara joateko ez da aurrez izena eman beharko.

Jolasaren garrantzia haurren garapenean eta familian solasaldia antolatu du Azpeitiko Udalak datorren asteazkenerako, martxoaren 29rako. Jolasak haurren garapenean duen garrantziaz jabetzeko eta jolasa baliabide gisa erabiltzeko kontzientzia, erremintak nahiz esperientziak eskuratzeko xedez antolatu dute saioa.

Gurasoei zuzendutako hitzaldia 18:00etatik 19:30era eskainiko du Leyre Canok, eta doakoa izango da. Gainera, hara joateko ez da aurrez izena eman beharko.

Hitzaldian parte hartzen duten herritarrek, besteak beste, jolasaren definizioa eta funtzioak ezagutzeko, jolasaren eta emozioen arteko erlazioa ulertzeko, autostimua lantzeko zein gatazken konponketarako jolasa erabiltzeko ikasteko, jolasa praktikan jartzeko baliabideak ezagutzeko eta kasu praktikoekin trebatzeko parada izango dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Treba Gurasoak prestakuntza egitasmoaren barruan eta Gaztematikarekin elkarlanean antolatu du udalak hitzaldia, eta besteak beste, haurren emozioak bideratzeko, arauak barneratzeko eta horien osasun mentala bermatzeko hainbat gako eskainiko dituzte saioan.