Hainbat aldaketa izango dira maratoi erdiko eliteko lasterkarien artean

Julene Frantzesena 2023ko mar. 22a, 11:53
Eliteko hainbat lasterkari iazko maratoi erdiaren hasieran.

Bisa arazoak tarteko, aldaketak izan dira eliteko parte hartzaileen zerrendan. Oraindik ez dute behin betiko zerrenda, baina besteren artean, Iraitz Arrospide, Chakib Lachgar eta Laura Mendez dira izen berriak.

Egun gutxi falta dira Diego Garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako, eta aurki hasiko dira eliteko lasterkariak Euskal Herrira iristen. Probaren antolatzaileek adierazi dutenez, baina, bisa arazoak medio aldaketak izango dira parte hartzaileen artean. Are gehiago: oraindik ez dakite ziur eliteko zein lasterkari izango diren aurtengo edizioan.

Joan zen astean egin zuten maratoi erdiaren aurkezpen ekitaldia, eta han proban izango diren lasterkari batzuen izenak aurreratu zituzten antolatzaileek. Dena den, aldaketak izan dira zerrendan. Gaur-gaurkoz, eliteko honako kirolari hauek izango dira zapatuan maratoi erdian: gizonetan, Timothy Toroitich eta Kevin Kibet ugandarrak, Dejene Hailu Bikila, etiopiarra, Victor Kipruto keniarra, Chakib Lachgar eta erbi lanak egingo dituen Aimad Bouziane marokoarrak; eta emakumeetan, Cynthia Chepchirchi Kosgei keniarra, Majida Maayouf marokoarra, Nurit Ahmed Samiro etiopiarra, Irene Pelayo eta Laura Mendez espainiarrak.

Halaber, lesio batetik errekuperatu berri den Iraitz Arrospide lasterkari donostiarra ere izango da aurtengo Azkoitia-Azpeitian, eta ikusteko dago Thomas Ayeko ugandarrak parte hartuko al duen. 

Bihar bukatuko da maratoi erdian nahiz lasterketa herrikoian izena emateko epea, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko mila korrikalariren langa pasatu dute.