Gaurko autismoari buruzko solasaldiarekin hasiko dira Urdinduz egitasmoaren hitzorduak

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 23a, 08:50

18:00etan hasiko da gaurko saioa Basazabal jauregian. Aritz Orbegozo Marea Urdinako kidea, Patxi Agirre Gautenako presidentea eta Aintzane Diaz Gautenako hezitzailea izango dira hizlariak.

Autismoari ikusgarritasuna ematea helburu duen Urdinduz egitasmoaren barruan, Gautenak eta Marea Urdinak hainbat jarduera antolatu dituzte apirilaren 2ra bitartean, eta hain zuzen ere, gaur izango da horietatik lehena: autismoari buruzko solasaldia. Basazabal jauregian izango da saioa, 18:00etan hasita, eta Aritz Orbegozo Marea Urdinako kidea, Patxi Agirre Gautenako presidentea eta Aintzane Diaz Gautenako hezitzailea izango dira hizlariak.

Apirilaren 2ko Urdinduz Egunera bitartean, berriz, ia egunero izango da egitasmoari atxikitako hitzorduren bat. Hau da guztien zerrenda:

  • Bihar, ostirala. ETSren kontzertua. 21:30ean, Sanagustinen. Ez dute Gautenak eta Marea Urdinak antolatu, baina kontzertuak ukitu urdina izango du.
  • Etzi, larunbata. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko lasterketa herrikoiaren hasierako txupina Gautenako kideek botako dute.
  • Martxoak 28, asteartea. Dantza emanaldi inklusiboa. 17:30ean, Sanagustinen. Jeni Calero eta Uxoa Ibarreta dantza irakasleek gidatuko dute saioa.
  • Martxoak 29, asteazkena. Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrena dela eta, Musika familian emanaldia egingo dute, eta Gautenako kideek ere parte hartuko dute. 19:00etan, Sanagustinen.
  • Martxoak 30, osteguna. Pintxo pote urdina. 19:00etan hasita, herriko tabernetan.
  • Martxoak 31, ostirala. Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktoreek Sexberdinak obra taularatuko dute. 19:00etan, Azkoitiko Batzartxo aretoan.
  • Apirilak 1, larunbata.
    • I. Urdinduz Igeriketa Saria jokatuko dute. Aurrena, federatu gabeek egingo dute igeri, eta gero, federatuek. 09:00etan hasita, Azpeitiko igerilekuan.
    • Eneko magoaren Tilin-tilin magia ikuskizuna. 17:00etan, Sanagustinen.
    • Bertso saioa. 22:00etan, Sanagustinen. Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek Maite Aizpurua gai jartzailearen esanetara abestuko dute.
  • Apirilak 2, igandea. Urdinduz Eguna.
    • 11:00etan, Marea Urdinako kideek 1.000 kamiseta urdin banatuko dituzte Loiolan.
    • 11:30ean hasita, Loiolatik Azpeitiko plazara ibilaldi urdina egingo dute erraldoiek, trikitilariek eta ttuntturroek lagunduta.
      • Plazan, aurpegia margotzeko gunea, puzgarriak, jolasak eta abar egongo dira umeentzat, eta jan-edanik eta musikarik ez da faltako.
      • Azoka Plazan, lasai egoteko gunea egokituko dute.