90 bat lagunek parte hartu dute Domusa Teknik 40 MLK lasterketako ibilbidearen lehen zatia ezagutzeko irteeran

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 21a, 09:15
Zapatuko irteeran parte hartu zuten herritarrak, Azpeitiko plazan. (Domusa Teknik 40 MLK)

Azpeitiko plazatik Mandubiara arteko zatia egin dute, 34 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboa dituen ibilaldia. Bigarren irteera apirilaren 22an izango da, eta egun horretan, Mandubiatik Azpeitira arteko zatia egingo dute.

Maiatzaren 6an izango da Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa, eta herritarrek ibilbidea aurrez ezagutzeko aukera izan dezaten, bi irteera antolatu dituzte. Zapatuan egin zuten horietatik lehena, eta ibilbidearen erdia egin zuten parte hartzaileek; hain zuzen ere, Azpeititik Mandubiara artekoa. Eguraldi ederra lagun, 90 bat lagun azaldu ziren 07:45erako herriko plazan jarri zuten hitzordura. 34 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboa dituen ibilaldia eginda iritsi ziren Mandubiara, eta handik, autobusez bueltatu ziren Azpeitira.

Bigarren irteera apirilaren 22an izango da, eta egun horretan, Mandubiatik Azpeitira arteko zatia egingo dute, 31 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboa izango dituen ibilaldia. 07:30ean anbulatorio aurrean jarri dute ordurako hitzordua. Gainontzeko xehetasunak datozen egunetan jakinaraziko dituzte antolatzaileek.