Etxean irabazi eta kanpoan galdu

Nerea Uranga 2023ko mar. 20a, 08:30
Joan den zapatuan Domusa Teknik ISB eta Lima Horta Bartzelonaren arteko partida, Azkoitiko kiroldegian. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Azken jardunaldian oso bestelako emaitzak izan dituzte Iraurgi saskibaloi taldeko bi talde nagusiek. Domusa Teknik ISBk etxean garaipena lortu du, Juaristi ISBk Andorran galdu egin du, baina.

Partida ikaragarria eginda, Lima Horta Barcelonari 86-77 irabazi zion Domusa Teknik ISBk Azkoitiko kantxan. Joan den larunbat arratsaldean jokatu zuen Iraurgi saskibaloi klubeko emakumeen lehen taldeak, Challenge Ligako 27. jardunaldia. Hasiera oker samarra izan zuten Iraurgikoek, aurkariak 7 puntu aurretik egin baitzuten lehen laurdena, eta atsedenean, 42-47 adierazten zuen Azkoitiko kiroldegiko markagailuak. Gero, ordea, borrokatu eta garaipena erdietsi zuen Joseba Lizarraldek gidatzen duen taldeak.

Denboraldiaren hondarretan sartu dira Domusa Teknik ISB taldekoak; sasoia bukatzeko hiru partida besterik ez zaizkie falta. Hurrengo neurketa Nafarroako Ardoiren kontra jokatuko dute datorren asteburuan, Zizurren.

Domusa Teknik ISB taldea, joan den larunbateko partida irabazi ondoren. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Gizonek, porrota

Juaristi ISB taldearen emaitza txarra izan da joan den asteburuan. Mikel Odriozolak gidatzen duen taldeak 89-61 galdu zuen larunbat arratsaldean Morabanc Andorraren kontra; sailkapeneko liderra da gaur-gaurkoz Andorrako taldea. Hasiera-hasieratik hasi ziren atzetik Iraurgikoak, eta atsedenera 48-33 iritsi ziren.

Denboraldia bukatzeko hamar jardunaldi ditu aurretik Urrezko LEB Ligako taldeak. Hurrengo norgehiagoka Guuk Gipuzkoa Basketen kontra jokatuko du datorren igandean, martxoaren 26an, 18:30ean, Azpeitiko kiroldegian.