Bernardo Gaston argentinarrak irabazi du 40. San Jose txirrindularitza saria

Nerea Uranga 2023ko mar. 19a, 08:00

190 txirrindularik parte hartu dute Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatutako juniorren mailako proban.

Atzo, zapatua, arratsaldean jokatu zen Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatutako juniorren mailako 40. San Jose txirrindularitzako saria. 15:30ean irten zuten 190 txirrindularik Ikasberri Ikastolaren paretik, eta 17:45 inguruan iritsi zen lehenengo txirrindularia Loiola hotelaren aurrean kokatutako helmugara. Bernado Gaston Alimco-Campagnolo taldeko txirrindulari argentinarra izan zen helmugan aurrena. Ez zen bakarrik helmugaratu, baina, pare-parean izan zuen Unai Murillo Vizcay Hermanos taldekoa. Biak ala biak 02:10:54 denboran egin zituzten txirrindularitza lasterketaren 79 kilometroak. Hirugarren egin zuena Iker Villar Robert Innova taldekoa izan zen, 02:11.39 denbora eginda.

Probaren ibilbidea osatzeko, Azpeititik Arroara bi itzuli egin behar izan zituzten txirrindulariek, eta gero Landeta auzotik igarota, Altzarte igo behar izan zuten beste bi alditan. Altzarterako malda gogorrak tropela sakabanatu zuen, eta helmugara lehen bi txirrindulariak batera iritsi ziren. Esprintean erabaki zen aurtengo San Jose saria.