Osasungintza publiko eta duina aldarrikatu dute ehunka herritarrek

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 18a, 14:11

Azpeitiko anbulatorioan eta oro har Osakidetzan egiten ari diren murrizketak salatu dituzte gaur eguerdian anbulatoriaren aurrean elkartu diren herritarrek, eta osasungintza publiko eta duina eskatu dute, pertsona guztientzat eta baldintzarik gabe. 

Azpeitiko anbulatorioan eta oro har Osakidetzan egiten ari diren murrizketak salatzeko eta herritar guztientzat osasungintza publiko eta duina eskatzeko gaur eguerdirako deitutako elkarretaratzeak sekulako erantzuna izan du. Hein batean, espero zitekeen mobilizazioa arrakastatsua izatea, herriko hemezortzi eragileren, anbulatorioko hainbat langileren eta beste hainbat herritarren babesa baitzuen, baina aurreikuspenak txiki utzi ditu protestara batu den jendetzak. Gainera, gazte, heldu eta zahar, adin guztietako herritarrek parte hartu dute, Osakidetzako eta Azpeitiko anbulatorioko murrizketek denei eragiten dietenaren seinale.

Osasungintza publiko eta duina denontzat! zioen pankarta nagusiak, baina beste mezu batzuk ere irakurri ahal izan dira zenbait herritarrek eskuartean zituzten karteletan: Ordezkapenak bermatu, Plantilletan murrizketarik ez, Osasungintza ez da negozioa, Lehen arreta indartu, Osasuna ez pribatizatu eta Osasun publikoa denontzat zioten horietako batzuek.

Mikrofonoa eskuan, Laxaro Azkune eta Maite Garmendia izan dira gaurko elkarretaratzea egitearen arrazoiak eta helburuak azaldu dituztenak. Esan dute Osakidetzan egiten ari diren murrizketek herritarren bizitzetan eragin zuzena dutela, eta Azpeitiko anbulatorioko egoera zin dein azaldu dute: Azpeitiari dagozkion hamar familia medikuetatik, bederatzi daudela beteta, baina horietatik bi baja luze batean daudela, ordezkatu gabe. Daudenetako batek baja hartzen badu ez dela ordezkorik etortzen, eta, batzuetan, larrialdietako medikuak bidaltzen dituztela ospitaletik. Bi kardiologoak ere baja luze batean daudela, ordezkorik gabe. Bi psikiatra etortzen dira astean bi egunetan, baina ez direla nahikoak dauden beharrak asetzeko. Ez dagoela psikologorik. Haurren osasun mentaleko zerbitzua kendu egin dutela eta pediatrian hutsuneak daudela. Eta erizain kopurua berez egokia den arren, mediku faltak horien lan karga asko areagotzen duela.

Horiek horrela, osasungintza publikoa eta duina aldarrikatu dituzte, pertsona guztientzat eta baldintzarik gabe, eta honako eskaerak berehala bete ditzatela eskatu diete erakundeetako arduradunei:

  • Herriko anbulatorioan behar diren profesional guztiak ziurtatzea, bajak ordezkatzea eta murriztu dituzten zerbitzu guztiak berriz ezartzea.
  • Osakidetzan lanean ari diren langile guztien lan baldintza duinak bermatzea.
  • Osakidetzan ematen ari diren murrizketekin amaitzea.
  • Osasun arreta duin bat jasotzeko herritar guzti-guztiok dugun eskubidea bermatzea, inor bazterrean utzi gabe.

Protestara deitu duten eragileen arabera, Azpeitiko anbulatorioko egoera adibide bat besterik ez da, eta osasungintza publikoan gertatzen ari dena joera orokorrago baten logikan ulertu behar da; halaxe azaldu zuten mobilizazioa iragartzeko egun batzuk egindako agerraldian eta halaxe egin dute gaur ere. Eskerrak eman dizkiete elkarretaratzean parte hartu duten herritarrei, eta hurrengo deialdiei ere modu berean erantzuteko eskatu diete, gehiago etorriko direlako, egoerak hobera egin bitartean borrokan jarraituko dutelako.