Jose Luis Ibarzabalek 2023ko COFAE saria jaso du

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 17a, 09:49

Arte eszenikoen azoken koordinakundea da COFAE, eta Ibarzabalek 26 urtez Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko teknikari karguan egindako lana aitortu nahi izan du; izan ere, antzerkiaren arloan lan handia egindakoa da azpeitiarra. 

Jose Luis Ibarzabal azpeitiarrak 2023ko COFAE saria jaso du, epaimahaiak aho batez horrela erabakita. Arte eszenikoen azoken koordinakundea da COFAE. Ibarzabalek 26 urtez (1996-2022) jardun zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko teknikari karguan lanean, zehazki, antzerkiaren arloan. Eremu horretan egindako lana aitortu dio arte eszenikoen azoken koordinakundeak emandako sariarekin. Asteazkenean jakinarazi zuen epaimahaiaren erabakia COFAEk. Azpeitiarrak "sorpresaz" hartu du berria, eta "hunkituta" agertu da. 

Ibarzabalek "eremu publikotik arte eszenikoen kudeatzaile gisa egindako lana eta euskal sorkuntza artistikoen sustapenean izan duen inplikazioa" aitortu nahi izan ditu epaimahaiak, baita arte eszenikoen azokekiko izan duen "babesa eta konpromisoa" ere, sektore profesionalerako merkatu eta topagune gisa. Aurkeztutako hautagaitzak nabarmendu duenez, Ibarzabalek erantzukizuna eta adeitasuna jarri ditu administrazioaren eta arte eszenikoen munduaren artean, "berak duen seriotasunari, konpromisoari eta harreman pertsonaletarako gaitasunari esker". Epaimahaiaren arabera, azpeitiarrak "modu eraginkorrean duindu du funtzionarioen ideia", SAREA Euskal Antzokien Sarearen bultzatzaileetako bat izan baita azken urteetan. "Lankidetza estuan" aritu da COFAEko hainbat azokatan, "euskal artisten eta kultur eragileen kultur trukea sustatuz". Era berean, COFAEk adierazi du euskal azokak sustatzen zein sendotzen aritu dela urteetan, besteak beste, DFeria zein Leioako Umore Azoka. Hori dela eta, iazko Leioako Umore Azokaren sari berezia Ibarzabali eskaini zioten, egindako lanaren aitortza gisa.

Iaz hartu zuen erretiroa Ibarzabalek, eta orain "beste etapa batean" dagoela dio. Hala ere, azken hilabeteotan jasotako aitortzak "hunkitu" duela aitortu du, eta "une berezia eta polita" bizitzen ari dela adierazi du.