Dena prest dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 30. ediziorako

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 16a, 16:30
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 30. edizioa, Hotel Loiolan. (Aitziber Arzallus)

Bidea eginez! lelopean, martxoaren 25ean izango da aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Egun berean bi lasterketa jokatuko dituzte: motza, zortzi kilometrokoa, 16:15ean hasita; eta maratoi erdia, 16:30ean hasita. Momentuz, 620 bat lagunek eman dute izena proba luzean, eta 270 bat lagunek motzean, baina oraindik ere bada izena emateko aukera Rockthesport.com webgunean. 

Astebete pasatxo falta da aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako –martxoaren 25ean izango da–, eta ia dena prest dutela adierazi zuten antolatzaileek, atzo arratsaldean proba aurkezteko Hotel Loiolan egin zuten agerraldian. Lasterketaren 30. edizioa izango da aurtengoa, urteurren borobila beraz, eta ospakizun berezirik iragarri ez zuten arren, ziurtzat jo zuten lasterketa eguna "festa egun handi bat" izango dela. Bidea eginez! da aurtengo ediziorako aukeratu duten leloa, hiru hamarkada eta gero, oraindik ere Diego Garciak hasitako bideari eutsi egiten diotelako, eta horretan jarraitzeko asmoa dutelako.

Aurkezpen ekitaldian, Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaile taldearen arduradunak azaldu zituen aurtengo probaren nondik norakoak, lasterketa aurrera ateratzeko era batera edo bestera lagundu duten hainbat erakundetako, enpresatako eta eragiletako ordezkariak alboan zituela. Han izan ziren Angel Martin Azkoitiko Udaleko kirol zinegotzia, Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko kirol zinegotzia, Ramon Goikoetxea Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidentea, Jenni Orbegozo Laboral Kutxaren Azpeitiko bulegoko zuzendaria, Joseba Otaegi Domusa Teknik kooperatibako presidentea, Julen Esteban Marea Urdinako kidea eta Carmen Garcia Diego Garcia zenaren arreba. Elkarrentzako esker oneko hitzak baino ez zituzten izan, denen ahaleginak eta laguntzak ahalbidetu dutelako Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia 30. aldiz antolatzea posible egitea.

Probari buruzko xehetasunetan sartuta, berrikuntzarik apenas izango da aurtengoan. Aipagarriena, agian, Gautenako kideek botako dutela probari hasiera emango dion txupina. Urdinduz egitasmoaren bueltan buru-belarri lanean ari dira Marea Urdinako eta Gautenako kideak, eta Marea Urdinaren eta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren elkarlana tarteko, haiena izango da "ohorea".

Hortik aurrera, beti bezala, egun berean bi lasterketa jokatuko dira: motza, zortzi kilometrokoa, 16:15ean hasita; eta maratoi erdia, 16:30ean hasita. Ibilbidea ere azken zazpi urteotako berdin-berdina izango dela esan zuen Jimenezek, eta aurreko aldietan ikusitakoaren bidetik, proba azkarra izatea aurreikusten dutela.

Hain zuzen ere, azkartasun horri etekina atera diezaioketen nazioarteko hainbat atletak parte hartuko dute aurtengoan ere, eta zenbait izen aurreratu zituen Jimenezek. Gizonetan, Thomas Ayeko, Timothy Toroitich eta Kevin Kibet ugandarrak eta Dejene Hailu Bikila, Abebaw Dessie Muniye eta Mitiku Ayalew Yeserie etiopiarrak; eta emakumeetan, Cynthia Chepchirchi Kosgei keniarra, Majida Maayouf marokoarra, Nurit Ahmed Samiro etiopiarra eta Irene Pelayo espainiarra. "Punta-puntakoak ez badira ere, oso ondo dabiltzan atletak dira guztiak, eta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia jokatzea sekulako aukera da beraientzat, hemen marka ona egiteak katxea ematen dielako, eta horrek, mailaz igotzeko aukera".

Eliteko korrikalari horiez gain, afizionatuek ere parte hartuko dute proban, "eta, nola ez, baita korrikalari herrikoeik ere". Jimenezen hitzetan, "Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren funtsa beti izan dira korrikalari herrikoiak, eta hala izango dira aurrerantzean ere; horiek ematen diote kolorea lasterketa honi, horiek eta proba ikustera bertaratzen diren ehunka herritarrek".

Momentuz, 620 bat lagunek eman dute izena maratoi erdirako, eta 270 bat lagunek, proba motzerako. "Maratoi erdirako 1.000 parte hartzailetan jarrita daukagu muga, baina ez dut uste iritsiko garenik. Denera, 1.000-1.100 lagunen bueltan ibiliko gara, eta kopuru polita dela iruditzen zaigu". Emakumeen parte hartzeak izan duen gorakada nabarmendu zuen Jimenezek, lasterketa motzerako izena eman dutenen %45 emakumeak baitira. Aldiz, maratoi erdirako izena eman duten korrikalarien artean, %15 ere ez dira emakumeak. Kopuru horietan aldaketak egon daitezke, oraindik ere zabalik baitago izen ematea Rockthesport.com webgunean. Martxoaren 23a izango da azken eguna, eta probaren egunean bertan ez da egongo izena emateko aukerarik.

Korrikalarientzat informazio praktikoa

Dortsalak eta kamisetak lasterketa egunean bertan banatuko dituzte irteera puntutik 200 metrora, Azkoitiko Julio Urkixo kalean jarriko duten mahaian. Korrikalariek 12:00etatik 16:00etara bitartean jaso ahal izango dituzte horiek. Izena ematerakoan dortsalak eta kamisetak dendaren batean jasoko dituztela adierazi zuten korrikalariek, berriz, aste honen bukaeratik aurrera jaso ahal izango dituzte adierazitako lekuan. Jasotzen ez dituzten dortsalak eta kamisetak, lasterketa egunean jarriko duten mahai horretan hartu ahal izango dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, proba motzerako eta luzerako dortsalek kolore desberdina izango dute; beraz, batean izena ematen duten korrikalariek ezingo dute bestean parte hartu. Julio Urkixo kalean jarriko duten mahai horretan beraien arropa uzteko aukera ere izango dute kirolariek, eta ondoren, helmuga puntuaren ondoan jaso ahal izango dituzte horiek.

Lasterketaren egunean autobus zerbitzua ere egongo da Azpeititik Azkoitira joan behar duten parte hartzaileentzat. Lehendabiziko autobusa 14:30ean abiatuko da Ikasberriko biribilgunetik, eta azkenekoa, 16:00etan, toki beretik. Lasterketa bukatu ostean, Azpeitiko kiroldegiko dutxak eta aldagelak erabiltzeko aukera izango dute kirolariek, eta masaje zerbitzua ere eskura izango dute. Eguraldi ona bada, Hotel Loiola parean egongo da zerbitzu hori; bestela, kiroldegian.

Antolatzaileen esanetan, probaren egunean lasterketak eragozpenen batzuk sor ditzake Azkoitia eta Azpeitia arteko trafiko zirkulazioan, baina lasterketagatik ez dute errepiderik itxiko.