Sanjosetako asto lasterketa eta zezen txikiak, bertan behera

Ane Olaizola 2023ko mar. 16a, 11:55

Loiolako Festa Batzordeak adierazi duenez, Jaurlaritzak animaliekin lotutako ekitaldiak arautu bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak horiek antolatzeko baimena kendu die ganaduzaleei. Horrez gain, asto lasterketa bertan behera uztera "bultzatuta" sentitu dira antolatzaileak.

Festetarako hiru egun falta direnean, Loiolako San Jose jaietan izaten diren asto lasterketa zein zezen txikien ekitaldia bertan behera utzi ditu hango festa batzordeak.

Sanjosetako antolatzaileek adierazi dutenez, taldeari atzo jakinarazi zion udalak gazteei zuzendutako zezen txikien ekitaldia ez dela posible izango aurrera eramatea. "Abuztuan kaleratu zen etxeko animalien ongizatearen inguruko legeak esaten du, araututa ez dagoen ekitaldirik ezin dela egin. Bitarte horretan, EAEko hainbat elkarte eta ganaduzale harremanetan egon dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin, ekitaldi horiek arautzeko asmoz". Ordea, aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ganaduzaleei baimena kendu diela azaldu du taldeak, Eusko Jaurlaritzak horrelako ekitaldiak arautu arte. Era berean, asto lasterketa bertan behera uztera "bultzatuak" sentitu direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Egitarauan egin behar izan dituzten aldaketak azaltzeko asmoz, gutuna kaleratu du Loiolako Festa Batzordeak. Hemen irakur daiteke.

Erlazionatuak

Loiolako festa batzordearen komunikatua

Loiolako Festa Batzordea 2023 mar 16 Azpeitia