Loiolako festa batzordearen komunikatua

Loiolako Festa Batzordea 2023ko mar. 16a, 09:27

Loiolako Festa Batzordeak honako gutun hau igorri du, ate joka diren San Jose festen egitarauan egin behar izan dituzten aldaketen harira:

Auzokide eta herritar agurgarriak, ondorengo hitz hauek zuzentzen dizkizuegu gure festetako egitarauan izan diren azken aldaketak adierazteko, eta bide batez gure iritzi xume bat azaleratzeko.

Atzo, martxoak 15, festetarako lau egun falta zirela, udalak jakinarazi zigun gazteentzat jartzen diren zezen txikien ekitaldia ez dela posible izango. Abuztuan kaleratu zen etxeko animalien ongizatearen inguruko legeak esaten du arautua ez dagoen ekitaldirik ezin dela egin. Bitarte horretan, EAEko hainbat elkarte eta ganaduzale harremanetan egon dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin, ekitaldi horiek arautzeko asmoz. Bitarte horretan, horrelako ekitaldiak egin ahal izan dira, hainbat herritan, baina aste honetan diputazioak baimena kendu die ganaduzaleei, Eusko Jaurlaritzak horrelako ekitaldiak arautu artean. Era berean, asto lasterketa bertan behera uztera bultzatuak sentitu gara, egoera berberagatik. Honekin guztiarekin, Loiolako festak, ahal den neurrian, berregituratzen eta berritzen segitzeko asmoekin jarraituko dugu. Hiru egun falta dira datozen sanjosetarako, eta ez dago aldaketarako denbora gehiegi. Hori horrela, geratzen diren ekitaldiekin osatuko ditugu jaiak, hala nola, mus txapelketarekin, marrazketarekin, soinujoleekin, puzgarriekin eta herri-kirolekin.

Honekin guztiarekin, ez da erraza horren polarizatuta dagoen gizarte batean iritzi bat botatzea inor lepora etorri gabe. Baina ia 60 urteetan asto lasterketak egiten ibili ondoren, iritzi xume bat botatzeko ahaldunduta gaudela deritzogu. Garaiak aldatzen doaz (eta alda daitezela), eta lehengo pentsaerak garai berrietara moldatu behar direla jakitun, badakigu abereen eta animalien ongizateak izan behar duela lehentasuna gizakion aisialdiaren aurrean. Beraiekin ongi pasatzea ez dadila izan beraien kontura ongi pasatzea. Loiolan, beti saiatu izan gara astoei eta zezenei beti tratu ona eskaintzen, eta horregatik hartu izan dira, adibidez, astoekin makilarik ez erabiltzeko erabakia, zirkuitu samurrago bat egitea edota zezenak ere belardira pasatzea. Erabaki horiek animalien tratua hobetzeko pentsatuak izan dira beti, baina neurriak neurri, zaila da animaliaren ongizatearen maila finkatzea. Abereak eta animaliak gizakitzen ari garen garaiotan, bien arteko marra hain da lausoa, ezen gizakion eta animalien arteko erlazio berri baten aurrean gaudela dirudi. Ez dugu gogorik inolako epaiketarik egiteko, bagenekien hau etorriko zela eta heldu da. Adierazi nahi genuen nahigabea ematen digula, baina inori arduraren behatza luzatu gabe.

Loiolako jaietako ikur nagusia izan da asto lasterketa, eta itxura du, oraingoz behintzat, amaitu dela. Betirako? Nork daki, garaiak beti doaz aldatzen (eta alda daitezela). Festak aurrera darrai eta daukagunari heldu besterik ez dugu. Horregatik, ozen diogu: Aupa sanjoseak! Ez hutsik egin, eta etorri gure auzo ederrera jaiak ospatzera.