Jon Etxaniz Urdaibain ariko da datorren denboraldian

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 16a, 08:55

Hondarribia (Gipuzkoa) utzita, Bermeoko (Bizkaia) taldera jauzi egin du azpeitiarrak; punta-puntako talde batetik bestera, beraz. Iaz ez zuen parekorik izan Bou Bizkaia ontziak; beretzat izan ziren Eusko Label Liga eta Kontxako Bandera.

Estropada denboraldiari hasiera emateko oraindik hilabete batzuk falta diren arren, klubak aspalditik ari dira ahalik eta trainerurik lehiakorrenak uretaratzeko ixilpeko lanean, eta aurtengoan ere talde guztietan izango da arraunlarien sartu irtena. Jon Etxaniz azpeitiarra da taldez aldatu duenetako bat; hain zuzen ere, Hondarribia utzi eta Urdaibain ariko da datorren denboraldian. Punta-puntako talde batetik bestera jauzi egin du Etxanizek; izan ere, iaz Eusko Label Liga bigarren bukatu zuen Hondarribiak, eta aurrena egin zuen Urdaibaik. Eta liga ez ezik, Kontxako Bandera ere Bermeoko taldearentzat izan zen. Dudarik gabe, iazko lorpenak berdintzea izango da Bou Bizkaia-ko mutilen aurtengo helburua.

Etxaniz 15 urterekin Zumaian hasi zen arraunean, eta han urte mordoxka egin ondoren, 2019an Oriok fitxatu zuen. Bi denboraldiz aritu zen han eta, harrezkero, Santurtzin eta Hondarribian denboraldi bana egin ditu azpeitiarrak. Oriorekin (2019) eta Santurtzirekin (2021) liga bana irabazitakoa da eta Kontxako Bandera bat ere badu palmaresean, 2021ean Santurtzirekin lortutakoa.