Sanjuandegiko festak 2023

Sanjuandegiko festak antolatzen hasteko batzar irekia deitu dute

Nerea Uranga 2023ko mar. 15a, 10:00
Patata tortilla lehiaketa iazko Sanjuandegiko festetan. (Argazkia. Anartz Izagirre)

XJ Auzolanean Sanjuandegiko festa batzordea auzoko jaiak antolatzen hasteko biltzen hasiko da. Biharko bilera irekia deitu du, 21:00etan, Sanjuandegiko auzo lokalean.

Aurtengo Sanjuandegiko festak antolatzen hasteko garaia iritsi dela iragarri du XJ Auzolanean taldeak. Jaietako egitaraua eta kontuak prestatzeari ekiteko biharko, osteguna, batzar irekia deitu du 21:00etan, Sanjuandegiko auzo lokalean.

Beste urte batez Sanjuandegin "festa eta egitarau ederra" osatzeko intentzioa dute, baina horretarako, auzotarren parte hartzea eta laguntza "ezinbestekoa" dute. Horregatik, biharko bilerara joateko deitu dituzte auzotarrak: "Mantangorri badator, badago zer egina eta animatu saltsara! Denon artean eta giro ederrean aterako ditugu festak aurrera!".