Lasaon 50 haritz landatu ditu Urola Bizirikek, protesta moduan

Ane Olaizola 2023ko mar. 14a, 14:13

"Ingurumenari egindako erasoa" eta "Kutxaren koherentzia eza" salatzeko asmoz, Urola Bizirik natur taldeak 50 haritz landatu zituen atzo goizean Lasaoko malda batean.

Urola Bizirik natur taldeko hainbat kidek 50 haritz landatu zituzten atzo goizean Lasaoko malda batean, ingurumenaren aldeko ekintza "aldarrikatzaile" gisa.

Taldearen esanetan, Lasaoko mendi maldek eta gainek pinudi "trinko, berde eta jarraia" osatzen zuten duela gutxira arte, baina "denbora gutxian" soildutako eremu, "egin behar ez denaren eredu", bihurtu dela azaldu du hark: "Ez dira soilik pinu guztiak moztu, mendi erreken inguruan zeuden beste hainbat espezietako zuhaitz ugari ere bota egin dira". Kideek azpimarratu dute ingurumenaren arloan lan egiten duten hainbat eragilek ere han egindako matarrasaren "astakeria" salatu izan zutela: "Aurreko urtean Europako Berdeen taldeko Thomas Weitz europarlamentariak ingurune hauek bisitatu eta ikusi zituenean, euskaldunok gure ingurunea gorroto dugula dirudiela adierazi zuen. Ez da gutxi esatea".

Taldearen ustez, ez da "ezer errespetatu" eta kideek basatitzat jo dute han egindako matarrasa, 300 hektarea inguru "estalkirik gabe" utzi dituelako. "Eta zuhaitzen desagertzea erabatekoa izateaz gainera, bertan ireki diren pistetatik jaisten diren ur azkarrek daramaten lur kantitatea ikaragarria da. Mendietako altxorrik preziatuenetakoa, lurra bera, urak eraman du. Gaur bertan errepidea amaitzen den tokian lokatza besterik ez dago, orkatilaraino. Zein erraz galdu dugun hainbat eta hainbat urteetan, ehunka edota milaka, eratu den lur geruza! Eta orain, lur hori guztia galduta, monolaborantza landaketa egiteko asmoa dago, berriro ere!", gaineratu dute. 

Horren harira, Kutxaren "koherentzia eza" salatu du Urola Bizirikek. "Hori al da gure herri honetan bere obra sozialaren lorpenak lau haizeetara zabaltzen dituen Kutxaren lana? Non dago obra sozialaren eta naturaren babesaren arteko oreka? Non Garapen Jasangarrirako Helburuen betekizuna? Honi jasangarria deitu geniezaioke?", egin dute galde.

Ingurumenari egindako "erasoa" zein Kutxaren jarrera salatzeko asmoz landatu berri dituzte bertako zuhaitzak Lasaon, protesta moduan eta inguruneak "babesa" behar duelakoan. "Gure lurraldeak ezin du horrelako lur galerarik jasan; etorkizunean bertako baso zabalak ikusi nahi ditugu eta ez eukaliptoz edo atzerriko espeziez jositako mendiak".