40. San Jose Saria txirrindularitza proba jokatuko dute zapatuan

Nerea Uranga 2023ko mar. 14a, 08:30
Oscar Fuentes eta Iker Zabaleta, iaz San Jose txirrindularitza probaren helmugan. (Argazkia: Ane Olaizola)

Junior mailako txirrindulariek parte hartuko dute, 15:30ean Ikasberri Ikastolaren paretik irtenda.

Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatutako San Jose Saria txirrindularitza lasterketak lau hamarkada beteko ditu zapatuan. Izan ere, probaren 40. edizioa jokatuko dute junior mailako 150 txirrindulari inguruk.

Zapatuan, 15:30ean irtengo dira txirrindulariak Ikasberri Ikastolaren paretik, eta 79 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Azpeititik irten eta Arroagora bi joan-etorri egin beharko dituzte. Tartean, ordea, Azpeitiko kiroldegiko biribilgunetik, Gazteko biribilgunera joan, Landetako industrialdea igaro eta Urrestillarako biribilgunera joango dira, Lan Mobel ondotik Goenara igotzeko. Gero, Arroagoitik bigarren itzulia egindakoan, Gazteko biribilgunetik Altzartera igo eta jaitsiko dira, eta helmugarako bidea hartuko dute. Helmuga Loiola hotelaren aurrean izango da, eta aurreneko txirrindularia 17:28-17:34 artean iritsiko dela aurreikusi dute antolatzaileek.

Iaz, Oscar Fuentes Alimco-Campagnolo taldeko txirrindulariak irabazi zuen San Jose Saria. Iker Zabaleta azpeitiarrak bigarren egin zuen.