Ekoetxeak energia trantsizioari lotutako egitasmoa abiatu du Azpeitiko ikasleekin

Nerea Uranga 2023ko mar. 14a, 10:19
Azpeitiko hainbat ikasle Ekoetxean. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Energia trantsizioaren "protagonista" izateko erronka jarri die Ekoetxeak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 400 ikasle ingururi. Jolasa eta ikasteko metodologia berriak uztartuko dituzte murgiltze esperientzian.

Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan, erronka berri bat jarri diete Azpeitiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 400 ikasleri: energia-trantsizioko "superheroi" bihurtzea eta lehen pertsonan ingurumen erronka horren alde aritzea. Horretarako, jolasa eta ikasteko metodologia berriak uztartuz murgiltze esperientzia bat sortu dute.

Otsailaren 15etik apirilaren 28ra bitartean, Azpeitiko ikastetxeetako LHko 5 eta 6 mailetako hamasei ikasle taldek gozatuko dute Ekoetxearen esperientzia berriaz. Hiru atal ditu esperientziak, lehena eta hirugarrena ikasgeletan egingo dituzte irakasleen laguntzarekin eta bigarren atala egingo dute Ekoetxean. Egitasmoaren sustatzaileen azaldu dutenez, ikasleak "superbotereak dituzten heroiak" izango dira, eta misio bati aurre egin beharko diote: "Azpeitiko igerilekuak ixtea saihestea, energia gehien kontsumitzen duen udal azpiegituretako bat direlako".

Esperientzian parte hartuko duten ikasleek, Ekoetxera joan aurretik, beren "super ahalmenak" ezagutu beharko dituzte, eta ondoren, abenturarekin jarraitzeko, beharrezkoa izango duten sarbiderako ezkutuko kodea aurkitu beharko dute. Segidan, Ekoetxera joango dira, eta han "igerilekuak salbatzeko erronka" izango dute. "Erronkaz gainera, klima aldaketari aurre egiteko keinu jasangarria egiteko konpromisoa hartuko dute ikasleek", azaldu du Ekoetxeak. Hirugarren atalean, ikasgeletan, esperientziatik zenbat ikasi duten egiaztatu ahal izango dute partaideek, eta Azpeitiko herritarrentzako energia trantsizioari buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina baterako ideiak bilatzeko proiektua proposatuko diete.

Eskola Agendaren udal diagnosia xede

Energia trantsizioaren gaiari eskoletatik ekiteaz gain, abiatu duen esperientziak 2030 Eskola Agendaren udal diagnosia egitea ere badu helburu, baita Azpeitiko Udalak arlo horretan hartutako neurriei "balioa ematea" ere, udalak esan duenez. Udalak, besteak beste, 360 eguzki panel jarri ditu udal igerilekuaren eraikinean, eta 109 panel udaletxeko teilatuan. "Panel horiei esker, urte bakar batean eraikinean kontsumitutako energiaren %30 inguru sortu da", zehaztu du udalak.

Energia trantsizioarekin lotutako ikasleen egitasmorako Azpeitiko Udalak igerilekuaren inguruko lanketa eta prestaketa egin dituela azaldu du erakundeak. "Horretarako, Alain Sorazuren laguntzarekin, hainbat baliabide ere sortu ditu: prototipoaren photocalla, aurre jardueretarako ikus-entzunezkoa eta igerileku interaktiboa". Proiektua sortzeko prozesuan, berriz, Ihoberen aholkularitza izan du Azpeitiko Ekoetxeak; izan ere, ingurumen zentroa Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxea Sareko kide da, eta Ihobe ingurumen jarduketarako sozietate publikoak kudeatzen du.