"Indarkeria matxistaren eta erasotzaileen inpunitatearen aurka" elkarretaratzea deitu du Itaiak biharko

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 13a, 18:00
Itaiaren elkarretaratze bateko artxiboko irudia. (Itaia)

Azpeitian izandako atxiloketaren harira deitu du kontzentrazioa Itaiak. Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean egingo dute mobilizazioa plazan, 19:30ean hasita. 

Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen zapatuan Azpeitian, Donostiako etxebizitza batean bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita. Horren aurrean, elkarretaratzea deitu du Itaiak bihar, asteartea, arratsalderako, Indarkeria matxista orori aurre egin! Erasotzaileen inpunitaterik ez! lelopean. Azpeitiko plazan egingo du protesta Itaiak, 19:30ean hasita. "Indarkeria matxistaren eta erasotzaileen inpunitatearen aurka" mobilizatzera deitu dute.

Ertzaintzak larunbatean bertan eman zuen atxiloketaren berri ohar bidez, eta jakinarazi zuenez, salaketa jarri zuen emakumearen arabera, Donostiako etxe batean egin zion eraso gizonak, ostegun gauean. Ospitalera jo zuen emakumeak, eta handik jaso zuen Ertzaintzak erasoaren gaineko abisua. Orduan ekin zion Ertzaintzak ikerketari. Atxilotu zuten gizona atzo igaro zen epailearen aurretik, eta kalean da jada. Salaketa jarri zuen emakumeak "babesteko eta urruntzeko agindua" du eskatuta.