Garaipenak azken segundoetan ihes egin dio Juaristi ISBri

Andoni Elduaien 2023ko mar. 13a, 09:00
Ansorregik lortu zituen puntu gehien. (Mikel 'Otola')

Nola Juaristi ISBk hala Domusa Teknik ISBk galdu egin dituzte asteburuan jokatutako partidak. Gizonen taldeak bi puntugatik galdu zuen atzo arratsaldean Azpeitian. Emakumeek, berriz, Melillan (Espainia) galdu zuten herenegun.

Juaristi ISBk jaitsiera postuetatik irteteko aukera ederra galdu zuen atzo, igandea, Azpeitian. HLA Alicante taldearen aurka aritu ziren Mikel Odriozolaren gizonak, eta 68-70 galdu zuten. Lehia estua jokatu zuten Odriozolarenek eta Alacanteko (Herrialde Katalanak) taldeak.

Kanpoko taldea jaun eta jabe izan zen partidako lehen minutuetan, eta gauza handirik egin gabe, lehen laurdena zortzi puntuko zuloa eginda itxi zuten (9-17). Urduritasunak eraginda, Odriozolarenek saskiratze ugari huts egin zituzten uztaipean lehen minutuetan, eta errebotea ere kanpokoek menderatu zuten. Nagusitasun argia lortu zuten bisitariek, eta bien bitartean, ezina nabaritu zen ISBn.

Pixkanaka-pixkanaka, ordea, Juaristi ISB aurkariarengana hurbiltzen hasi zen markagailuan. Kanpoko taldea ez aurrera eta ez atzera gelditu zen nola erasoan hala defentsan; saskiaren aurrean kamuts aritu zen bigarren laurdenean HLA Alicante, eta une hori baliatu zuen Odriozolaren taldeak berriro ere lehian sartzeko (25-29).

ISBk maila hobetu zuen aldageletako bueltaren ondoren; izan ere, hiruko lerroan aurkitu zuen etxeko taldeak puntuak batzeko iturria. Hala berdindu zuen lehia ISBk (42-42), eta hirugarren laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan aurrenekoz aurrea ere hartu zuen (45-44). Hiru puntuko abantaila izatera ere iritsi zen ISB, baina azken laurdenera bi puntu behetik ailegatu zen taldea (50-52).

Bisitariak une garrantzitsuenean esnatu ziren; bi hiruko saskiratze jarraian eginda, berriz ere tartea zabaldu zuten markagailuan. Halere, Juaristi ISB lehia azken segundoetara arte bizirik mantentzeko gai izan zen. Neurketa amaitzeko minutu eskas gelditzen zenean, norgehiagoka berdindu zuen taldeak (65-65). Dena den, Alacanteko taldeak bost puntu lortu zituen jarraian, eta saskiratze horiek funtsezkoak izan zen lehiak gerora hartuko zuen norabidean. Azken hondarrean etxekoek egindako ahalegina ez zen nahikoa izan lehia luzapenera eramateko. Bozina hotsarekin batera hiruko saskiratzea ere lortu zuten Odriozolarenek, baina epaileek orduz kanpo lortutako saskiratzea izan zela adierazi zuten.

Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarra nabarmendu zen atzo Juaristi ISBn. Ansorregik hemeretzi puntu saskiratu zituen, eta hemezortzi puntuko balorazioa eskuratu zuen. Datorren asteburuan, Morabanc Andorra sailkapeneko bigarrenaren etxean jokatuko du Odriozolaren taldeak. Larunbatean, 18:30ean, liga txapelketako oilarretako bati egin beharko diote aurre. Haren ondoren etorriko da Guuk Gipuzkoa Basketen aurkako Azpeitiko derbia. Donostiarren aurkakoa martxoaren 26an, igandez, jokatuko du Juaristi ISBk (18:30).

Emakumeen porrota Melillan

Bestalde, Domusa Teknik ISBk Melilla Sport Capital La Salle taldearekin neurtu zituen indarrak herenegun, larunbata, Melillan. Joseba Lizarralderenek 66 eta 57 galdu zuten. Lehen laurdena, 20 eta 17 itxi zuten bi taldeek, eta bi puntura hurbilduta zuzendu ziren atsedenaldian aldageletara.

Hala eta guztiz ere, hirugarren laurdenean etxekoek zulo txiki bat irekitzea lortu zuten markagailuan, amaieran garaipena lortzeko nahikoa izango zen abantaila, hain zuzen; zazpi puntura ihes egun zuten melillarrek hirugarren laurdenaren amaieran. Lizarralderenak saiatu ziren lehia parekatzen, baina ezinezkoa egin zitzaion taldeari. Amaieran, 66 Melilla Sport Capital La Sallek eta 57 Domusa Teknik ISBk.

Josephine Filipe izan zen ISBko jokalari onena. Portugaldarrak hemezortzi puntu saskiratu zituen, hamazazpiko balorazioa eskuratzeko. Bost neurketa besterik ez zaizkie falta Lizarralderenei denboraldia ixteko. Datorren larunbatean, hilak 11, Lima Horta Barcelona taldearekin neurtuko ditu indarrak ISBk Azkoitiko Elkargunean (17:00).