Zabalik dago 2023ko Sorkuntza Beketara proiektuak aurkezteko epea

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 9a, 17:14
Ezkerretik eskubira, Gari Aranbarri eta Jonathan Escapa sortzaileak, Garazi Lazkano Kulturazeko kidea eta Ainara LarraƱaga eta Eneritz Albizu zinegotziak. (Azpeitiko Udala)

Sortzaileek apirilaren 11ra arte izango dute proiektu proposamenak aurkezteko aukera. Beken nondik norakoak azaltzeko eta aholkularitza jasotzeko saioak antolatu dituzte. Martxoaren 16an egingo dute beken inguruko webinarra, eta hilaren 22an eta 23an beken inguruko aholkularitza saioak eskainiko dituzte. Azpeitiko Udalak 20.000 euro bideratuko ditu Sorkuntza Beketara. 

Ireki dute 2023ko Sormen Beketara proiektuak aurkezteko epea. Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak sustatzen dituzte Sorkuntza Bekak, eta kultur sormen proiektuak garatzeko baliabideak eskaintzen dituzte, sormen prozesuak eta sortzaile berriak "erdigunean" jarriz. Aurtengo deialdia zortzigarrena da, eta udalak 20.000 euro bideratu ditu Sorkuntza Beketara. Iaz bezala, bi modalitatetan banatuko dira Sorkuntza Bekak: 12.000 euro bideratuko dituzte sormen proiektuaklaguntzera eta 8.000 euro Dinamoan egiteko sormen egonaldietara. Guztira, bi sormen egonaldi lagunduko dituzte diruz. 

Sortzaileek apirilaren 11ra arte izango dute proiektu proposamenak aurkezteko aukera, eskaera orria beteta. Deialdiaren inguruko xehetasun guztiak Dinamoaren webgunean kontsulta daitezke. Dena den, beken nondik norakoak azaltzeko eta aholkularitza jasotzeko saioak antolatu dituzte. Martxoaren 16an egingo dute beken inguruko webinarra, eta hilaren 22an eta 23an beken inguruko aholkularitza saioak eskainiko dituzte. Webinarra 18:00etan hasiko da, eta bertan parte hartzeko aurrez izena eman behar da lotura honetan. Izena ematen dutenek hilaren 15ean jasoko dute bilkurara sartzeko esteka. Aurrez aurreko aholkularitza jasotzeko ere izena eman beharko dute interesa dutenek. Dinamoan eskainiko dituzte aholkularitza saioak, eta izen-ematea lotura honetan eman beharko da.

Sortzaileei deia

Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak adierazi duenez, "Sormen prozesuari dagokion balioa eta duintasuna" emateko eta sortzaileen baldintzak hobetzeko lanean ari dira udala eta Kulturaz:"Ez dugu kulturarik gabeko herria ulertzen, horrek ezinbestean esan nahi du sortzaileen baldintzak hobetzeko eta haien ondoan egoteko apustua egitea dagokigula, herri bezala eta erakunde bezala". Kulturazeko kideen lana eta Dinamoak eskaintzen dituen aukerei balioa eman dio Albizuk: "Kulturazeko kideak beka jasotzen dutenen bidelagun izaten dira, laguntza teknikoa, aholkularitza eta animikoa ematen diete Dinamora datozenei, eta horrek beka bera indartu eta sendotu du; izan ere, beka jasotzen dutenek Dinamoan lan egiteko aukera izaten dute eta eskura izaten dituzte bertako giza baliabide eta material guztiak.

Garazi Lazkano Kulturazeko kideak, bere aldetik, sortzaile edo hasi berriak animatu ditu deialdira: "Kultur sormenerako proiekturen bat edo ideia bat duten guztiak animatuko nituzke sormen beken inguruko informazioa jasotzeko saiora edo banakako aholkularitza saioetara". Era berean, Dinamoko kideak "laguntzeko" prest daudela azpimarratu du Lazkanok; "Gu sormen beken inguruko informazioa eman edo proiektua nola garatu dezaketen laguntzeko gaude, hau da, hitz egiteko, hausnartzeko, bidelaguntza emateko…".

Gari Aranbarri eta Jonathan Escapa sortzaileek ere hitza hartu dute 2023ko Sorkuntza Beken harira. Aranbarrik 2021ean Sormen Egonaldia egiteko aukera izan zuen bekaren bidez. Escapak, aldiz, bere proiektua gauzatu ahal izateko bultzada jaso zuen iaz. Biek ala biek sorkuntza bekek sorkuntza ibilbidean lagundu dietela azpimarratu dute. Aranbarrik hiru hilabeteko egonaldia egin zuen Dinamoan, irudiaren eremuan, eta harentzat "oso esperientzia positiboa" izan zen. "Orduz geroztik beste hiru-lau aldiz bueltatu naiz Dinamora. Orain ere egonaldia egiten ari naiz", gaineratu du. Escapak 2022ko beketako bat jaso zuen, eta azaldu du lanerako lekua izatea "oso garrantzitsua" izan dela berarentzat: "Nik, pertsonalki, ez dut lan egiteko espaziorik, eta Dinamoan lan egiteko gune bat izatea luxua izan da. Oso gustura aritu naiz lanean".

Iazko uzta, ikusgai

Sorkuntza Beken iazko uzta ari da fruituak ematen, eta joan zen astetik Betharram aretoan ikus daiteke beka jasotako proiektuetako batzuk. Eider Beobideren eta Maria Osesen eta Katixa Goldazen proiektuek sormen egonaldi bana egiteko beka bana jaso zuten, eta Sara Madrazok, Sabrina Romerok, Julen Agirrek, Jone Arriolak, Jonathan Escapak eta Jon Barkinek, berriz, sormen prozesuko beka. Horien lanekin erakusketa kolektiboa zabaldu zuten joan zen ostiralean Azpeitiko erakusketa aretoan, eta artistekin beraiekin egon zen Erlo Telebista, haien esperientziak ezagutzen. 

Erlazionatuak

Sorkuntza Bekak, sortzaileen begietatik

Urtzi Oteiza - Julen Imaz - Ane Olaizola 2023 mar 04 Azpeitia