Entzuteko eta bizitzeko ekitaldia

Nerea Uranga 2023ko mar. 10a, 10:30
Julian Barrenetxea abesbatza.

Julian Barrenetxea abesbatzak eta Gipuzkoako beste hiru abesbatzak The Armed Man bakearen aldeko kontzertua eskainiko dute bihar, zapatua, 20:15ean hasita, Soreasu antzokian.

Orain dela bi urte hasi zuen Julian Barrenetxea abesbatzak Karl Jenkins konposatzaile galesaren The Armed Man: A Mass for Peace [Gizon armatua: bakearen aldeko meza] kontzertuaren bidea. "Donostian, Aita Donostia abesbatzaren urteurrena ospatzeko ekitaldi batean eskaini genuen aurrenekoz kontzertua, eta iaz, berriz, Lazkaon [Gipuzkoa] egin genuen", azaldu du Miren Urkizu Julian Barrenetxea abesbatzako kideak.

Lazkaon abestu ondoren, Azpeitian gauza bera egitea otu zitzaien Julian Barrenetxea abesbatzako kideei, eta buru-belarri aritu dira biharko kontzertua prestatzen. "Iazko urtearen bukaeran udalean aurkeztu genuen proiektua. Eskuzabal hartu gintuzten, eta onartu egin zuten gure asmoa", adierazi du Urkizuk. Ordutik, entseatzen eta kontzertua eskaintzeko beharrezko guztia biltzen eta atontzen ibili dira: "Donostian ondo atera zen, Lazkaon primeran, eta Azpeitian zoragarri aterako da. Orain bi urte, guretzako gauza berria zen, beste abesbatzentzako, ordea, ez horrenbeste. Dena den, pixkanaka-pixkanaka joan gara ikasten, eta ilusio handiarekin gaude etxean, Azpeitian, kantatzeko".

Bihar da The Armed Man kontzertu berezia Soreasu antzokian, 20:15ean hasita. Javier Alberdik zuzenduko duen emanaldiak Gipuzkoako lau abesbatza eta hainbat musikari –tartean, profesionalak– bilduko ditu agertokian. Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzaz gainera, Donostiako Aita Donostia abesbatzak, Lazkaoko Kantaka abesbatzak eta Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzak kantatuko dute. 

Gerraren kontrakoa

The Armed Man bakearen aldeko "kontzertu bat baino gehiago" da, Urkizuren arabera. "Obra luzea" da, hamahiru abesti biltzen ditu. Karl Jenkins konposatzaileak enkarguz egindako obra da, 2000 milurtekoaren ospakizun ekitaldietarako, eta Kosovoko gatazkaren biktimei eskaini zien. Gerraren kontrako obra da Jenkinsena. "Antzinako testuetan oinarrituta dago, meza abestiak, bertsoak... jasotzen ditu. Adibidez, Hiroshimako bonbardaketa atomikotik bizirik irten zuen pertsona batek idatzitako bertsoak ere jasota daude. Garrantzitsuena bakea dela adierazten da, eta gerrak ez dakarrela ezer onik", azaldu du Urkizuk.

"Ikuskizuna" ere bada bihar Soreasun eskainiko duten emanaldia. Urkizuren esanetan, "entzuteko eta bizitzeko" kontzertua da. "Abesbatzak kantuan ari garen bitartean, proiekzio bat eskainiko da gerrari lotutako hainbat momenturen irudiak erakutsiz: bonbardaketak, isiltasuna... Gerrak inolako zentzurik ez duela adierazi nahi da. Abestu eta sentitu egiten dugun ikuskizun bat da, eta ikus-entzuleentzako, entzuteko eta bizitzeko ekitaldi bat".

Biharko kontzertu berezira joatera animatu ditu Urkizuk herritarrak. "20:15ean hasiko da emanaldia, eta ordu hori jarri dugu herriko merkatariak ere kontuan hartuta, haiek denda itxi eta emanaldira etortzeko aukera izan dezaten".

Julian Barrenetxea abesbatzarentzako hainbeste partaideko emanaldia antolatzea "gauza berria" da. "Nik hiruzpalau urte daramatzat abesbatzan, baina nik baino urte gehiago daramatzatenentzat ere, horrelako ekitaldi bat antolatuko duten aurreneko aldia da. Horregatik, ilusio handiarekin ari gara entseatzen eta dena prestatzen, guztia ondo antolatu nahi dugulako".

Ehun pertsona agertokian

Biharko kontzertuan, gutxi gorabehera, ehun pertsona bilduko dira agertokian. Goizean hasiko dira arratsaldeko ekitaldirako prestatzen. "Goizeko hamaiketan gelditu gara entseatzen hasteko. Kontzertuko beste kideen autobusa noiz iritsiko den zain egongo gara, harrera on bat egin nahi diegulako. Entseatu ondoren, Sanagustinen bazkalduko dugu 86 pertsona inguruk. Beste abesbatzetako kideak eta musikariak hartzeko dena ondo prestatzen ari gara: gure entsegu lokala egokitzen, kamerinoak... Euria egiten badu, aterki ontziak jarri beharko ditugu... Ondo prestatu nahi ditugu detaile guztiak! Kontzertuan ariko direnak ondo hartu nahi ditugu, haiek eroso senti daitezen eta dena ederki joan dadin", dio Julian Barrenetxeako kideak.

Ilusioz eta buru-belarri ari dira lanean Azpeitiko abesbatzako kideak, baina biharko kontzertu berezia antolatzeko herriko hainbat eragileren laguntza jaso dute, eta haiek eskertu ditu Urkizuk antolatzaileen izenean: "Sanagustin kulturgunekoak nahiz Kulturazekoak eskertu beharrean gaude, antolaketan laguntza handia eskaintzen ari direlako guri: Eusebio, Garazi, Iñaki... Azpeitiko Musika Banda ere eskertu behar dugu erakutsi duen eskuzabaltasunagatik; izan ere, biharko perkusioko instrumentuak bandak utzi dizkigu".

Ilusio faltarik ez dute Julian Barrenetxea abesbatzakoek, eta bihar haiekin hori elkarbanatzera animatu dituzte herritarrak.

Kontzertua:

Emanaldia:  Karl Jenkins konposatzailearen The Armed Man bakearen aldeko kontzertua.
Eguna eta ordua: Bihar, zapatua, 20:15ean.
Tokia: Soreasu antzokian.
Sarrerak: Bost euro balio du, eta Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke.
Zuzendaria: Javier Alberdi.
Parte hartzaileak: 
- Abesbatzak: Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatza, Donostiako Aita Donostia abesbatza, Lazkaoko Kantaka abesbatza eta Ormaiztegiko Urmaiz abesbatza. 
- Mezzosopranoa: Lucia Gomez. 
- Muezzina: Abdala Elmashoubi. -Tronpetak: Intza Martin, Jokin Jauregi eta Beñat Isasti.
- Perkusioa: Iraide Andorena eta Carlos Sagi.
- Flauta: Nagore Larrion.
- Txeloa: Alejandro Saul Martinez.
- Organoa: Gerardo Rifon.
- Pianoa: Arantxa Gaztesi.
Egitaraua: 
- The Armed Man.
- Call to Prayers.
- Kyrie.
- Save Me from Bllody Men.
- Sanctus.
- Hymn Before Action.
- Charge.
- Angry Flames.
- Torches.
- Agnus Dei.
- Now the Guns Stopped.
- Benedictus.
- Better is Peace.