Bihar 'Trikitixaren ganbara' erakusketa zabalduko dute Basazabalen

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 10a, 09:00

Bihar 12:00etan irekiko dute erakusketa, eta aurrez, girotze aldera, trikitilarien elkarretaratzea egingo dute Azpeitiko plazan; 11:30ean izango da hori. Faustino Azpiazu Sakabi zenaren etxe parean Azpeitia izeneko fandangoa joko dute denek elkarrekin eta, ondoren, kalejiran, Basazabal jauregiraino iritsiko dira. Ekitaldi irekia izango da biharkoa, eta interesa duten herritar guztiei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Basazabal jauregian duen bulegoan Trikitixaren ganbara izeneko "erakusketa historikoa" zabalduko du bihar. Elkartearen hitzetan, "etorkizuneko museoaren oinarria" izango da irekiko duten erakusketa, eta Azpeitiko Udalaren laguntzaz ondu dute: "Euskal Herriko Trikitixa Elkartea 1991an abiatu zen ofizialki eta, hastapenetik bertatik hasita, trikitixari eskainitako museo edo interpretazio gune bat osatzea oinarrizko helburuetako bat izan da, baita partaide guztion ametsa ere. EHTE osatzen dugunok, poz handiz adierazten dugu etorkizuneko museoaren oinarri sendoa martxan jartzekotan garela. Azpeitiko Udalaren ezinbesteko laguntzarekin, Trikitixaren ganbara erakusketa iraunkorraren ateak zabalduko ditugu. 

Erakusketa Azpeitiko Basazabal jauregiko lehen solairuan izango da ikusgai. Sustatzaileek azaldu dutenez, "historian zehar argitaratutako trikitixari buruzko erreferentzia zaharrak oinarri hartuta, trikitixaren historiari errepasoa egingo dio erakusketak". Era berean, Koldo Izagirre idazlearen testuek "hausnarketara" bideratuko dute ikuslea.  Argazki zahar eta berriak ere topatuko dituzte erakusketara bertaratzen direnek. 

Bihar 12:00etan irekiko dute erakusketa, eta bertan parte hartuko dute Agurtzane Elustondo EHTEren lehendakariak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Eneritz Albizu Apeitiko kultur zinegotziak eta Joseba Tapia musikariak. EHTEren lehendakari izandakoa da Tapia. Aurkezpena girotzeko, 11:30ean Azpeitiko plazan trikitilarien elkarretaratzea izango da. Faustino Azpiazu Sakabi zenaren etxe parean Azpeitia izeneko fandangoa joko dute denek elkarrekin eta, ondoren, kalejiran, Enparan kalean barrena, Basazabal jauregiraino iritsiko dira. Ekitaldi irekia izango da biharkoa, eta interesa duten herritar guztiei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.