Errepidean segurtasun osoz

Aritz Mutiozabal - Nerea Uranga - Andrea Zipitria 2023ko mar. 9a, 10:30
Zumaiako XV. Txirrindularitza Saria jokatu zuten otsaila bukaeran. (Juan Luis Romatet)

Txirrindularitzako hainbat proba bertan behera utzi behar izan dituzte moto loturen aseguru ezagatik. Eskualdeko klubek zentzuzkotzat jo dute moto gidarien eskaera.

Joan den igandean ehunka txirrindulari bildu ziren Eibarko Untzaga enparantzan (Gipuzkoa), protesta egiteko. Salatu zutenez, Gipuzkoan bertan behera utzi behar izan dituzte txirrindularitzako hainbat lasterketa, ez dagoelako asegururik motoekin laguntza ematen ari direnentzat eta Ertzaintzak ez duelako behar adina agente jartzen probetako segurtasuna ziurtatzeko. Ondorioz, Gipuzkoan hainbat proba bertan behera gelditu ziren joan den asteburuan, hala nola Eibarren, Mendaron, Beasainen, Mutrikun eta Asteasun.

Kontua da motoekin segurtasun lanetan aritzen direnen jarduera ez dagoela legez lanbide gisa onartuta, eta horregatik, ezin dietela asegurua osorik egin. Moto gidariak izan ditzakeen kalteak babestuta daude; ez, ordea, motoenak eta jantzienak. Hori horrela, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioa harremanetan jarri da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, arazoa konpontzeko eskatzeko, eta, hain zuzen ere, atzo iritsi ziren akordio batera.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide Arritxu Iribarrek azaldu du moto lotura lanak egiten dituzten motozaleen eskaera "zentzuzkoa eta bidezkoa" dela. Izan ere, «arrisku handiko» tokietan egon behar izaten dute askotan: bidegurutzeak zaintzen, zirkuitura ez dela autorik sartzen  bermatzen, txirrindulariei bidea adierazten eta arriskuak seinaleztatzen, besteak beste. "Horren aurrean, ez dugu ulertzen agintariek gai honi ez heltzea", iritzi dio Iribarrek. 

Moto gidarien eskaera "guztiz ulergarria" dela gaineratu du Zarauztarra txirrindulari kirol elkarteko presidente Ibai Beraziertok: "Azken finean, erori eta motorra apurtzen bazaie, beren poltsikotik ordaindu behar izaten dute gastu guztia. Normala denez, arautu egin nahi dute hori guztia, moto lotura lanbide bezala ez baita existitzen". Haien jardunari «dagokion seriotasuna» eman behar zaiola nabarmendu du.

Asteburu honetarako aurreikusirik dauden probak bertan behera utzi dituzte, eta ikusteko dago hilaren 18ko eta 19ko asteburuan jokatzekoak diren probak egingo dituzten. Asteburu horretarako bi proba daude antolatuta eskualdean, printzipioz. 

Azpeitian eta Zarautzen

Hilaren 18an, Azpeitian junior mailako txirrindularien 40. San Jose Saria jokatzekoak dira, 15:30ean hasita. Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatzen du, eta orain akordiora iritsita, jokatu egingo dutela jakinarazi dute; hala azaldu du Gurutz Aldalur Azpeitiko txirrindulari elkartekoak.  

Azpeitian, lehen, txirrindularitza probak herriko motozaleekin egiten zituzten. Gero, motozaleeek talde bat osatu eta egun bateko kontratuak eginda parte hartzen zuten txirrindularitza probetan. "Era horretan, ezbeharren bat izanda ere, motozaleak aseguratuta zeuden", esan du Aldalurrek.

Horregatik, eta segurtasuna kontuan hartuta, motozale horiekin antolatzen hasi zen Lagun Onak txirrindularitza elkartea herriko lasterketak. Moto gidarienak bai, baina motorraren kalteak babestu gabe zituztela eta, iazko irailean biltzen hasi ziren Jaurlaritzarekin, aldundiarekin, federazioarekin... "Azkenean, kontua luzatzen joan da, irtenbiderik ez zaio eman gaiari, eta moto gidariek motoak ez dituztela arrankatuko esan dute", adierazi du Aldalurrek.

Zarautzen ere hilaren 18an jokatuko dute txirrindularitza proba bat: kadete mailako lasterketa izango da, Zarauztarra elkarteak antolatuta; 10:00etan hasiko da, eta irteera eta helmuga Nafarroa kalean kokatuko dituzte. "Etxeko jendearekin antolatzeko asmoa dugu, geure motoekin eta arriskua geure gain hartuta. Azkenean, zerbait gertatzen bada, antolatzailearen errua izango da", esan du Beraziertok. 

Zumaian pasa den hilabetean jokatu zuten Hego Euskal Herriko txirrindularitzako lehen lasterketa. Kasu horretan, Iribarrek azaldu duenez, ez zuten arazorik izan, moto lotura guztiak bertakoak zirelako. "Zenbait herritan, ordea, ez dituzte boluntario horiek izaten, eta orduan sortzen da arazoa", erantsi du.

Ahal den neurrian, denboraldiko lasterketak aurrera atera nahi dituztela azaldu du Beraziertok. "Izan ere, egoera honek animikoki goibeldu egin ditu txirrindulariak. Denboraldia hasteko zain egon dira, eta orain ezin hasita geratu dira". Aldalurri ere pena handiena «txirrindulari gazteek» ematen diote: "Lehen, pandemiagatik bi urte lasterketarik jokatu gabe egon behar izan zuten; bi urte galdu zituzten. Orain, berriz, moto gidarien kontu hau. Horregatik, orain jokatu gabe utzitako probak gero jokatzea eskatzen dugu; alegia, denboraldia luzatzea. Era horretan, behintzat, lasterketak egiteko aukera izango dute".

Tourraren kontuak badu horretan guztian zeresana, Aldalurren ustez. "Orain denak baldintza hobeak izateko presioa egiten hasi dira, eta normala da hori. Guk gauza bat garbi dugu: lasterketetan zenbat eta gauza gehiago aseguratu, orduan eta hobeto izango da antolatzaileentzat eta txirrindularitza klubentzat".